Bardintasunaren aldeko ekintzaileak protagonista, Zirgari sariak banatzeko ekitaldian
2017-03-08 10:08 KultureaCarmen Bernabék, Clara Campoamor alkarteak, Pikara Magazinek, SSIk eta Ingeteamek jaso dabe 2017ko Zirgari Sariak, bardintasunaren alde egindako lanagaitik.
Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen ditu Zirgari Sariak urtero, gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna lortzeko bidean ekarpen esanguratsuak egin dituen erakunde eta personak nabarmentzeko. Besteak beste, honeek baloreak nabarmendu nahi dira sariaren bidez: Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea, mikromatxismoen kontra lan egitea, maskulinotasun barrien aldeko apustua, hezkuntza partekatuan aurrerapenak, jabekuntzea eta denporearen erabilera barriak.
Bilboko BBK Salan egindako ekitaldian emon deutsiez sariak aurtengo irabazleei, martiaren 8aren bezperan (atzo iluntzean izan zan sari-banaketea). Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Xabier Sagredo BBK-ko presidentea izan ziran ekitaldiko buru. Ana Urrutia izan zan aurkezlea eta Miren de Miguel sopranoak kantaldia eskaini eban.
Ekitaldian, Rementeriak eta Sagredok saritutako erakunde eta personen lana txalotu eta idea bat azpimarratu eben: Emakumeen bazterkeriaren eta matxismoaren kontrako burrukan, gizonezkoek parte hartzea beharrezkoa dala, hain zuzen.
Lau kategoriatan banatu ditue Zirgari Sariak eta, Erantzunkizun Partekatua eta Bateratzea atalean, enpresa bi saritu ditue, ex-aequo. 6.000 euro jasoko ditu kategoria bakotxeko irabazleak, Ohorezko Sarian izan ezik, horrek ez dakarrelako diru-saririk.
Sasoi bateko zirgariek egiten eben lana gogoratzeko ipini deutsie izena sariari. Soka batez lagunduta, eta euren ahalegin fisiko hutsagaz, itsasontziak Bilboko itsasadarrean gora eroaten zituen zirgariek. Euretako asko emakumeak ziran.
Honeek izan dira 2017ko ekitaldiko sarituak:
Carmen Bernabé (Ohorezko saria): Deustuko Unibersidadeko irakasle hau aitzindaria izan zan teologia azterlanetan genero ikuspegia sartzen. Esperientzia erlijiosoa emakumeen begiradatik aztertzeko ahalegin handia egin dau eta, ganera, eleizan zein gizartean bardintasuna bultzatzeko ekimenetan parte hartu dau. Lan akademiko barritzaile, kritiko eta zabala egin dau.
Clara Campoamor alkartea (Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteagaitik saria): 1985ean sortu zanetik, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiten ibilbide luzea bete dau Bilboko alkarte horrek. Legearen eta politikearen alorrean asko eragin dau eta, hortaz, bertoko eta munduko hainbat erakundegaz hartu-emon estua izan dau. Dibortzioaren eta genero indarkeriaren inguruan aurrerapausuak ekarri ditu alkartearen lanak.
Pikara Magazine (Jaubekuntza saria): Lau kazetarik 2010ean sortutako aldizkaria da. Erespide alternatiboak eta eraldatzaileak eskaintzen dituan erreferentziazko hedabidea da, eta bardintasunaren aldeko bozgorailu indartsua. Feministen belaunaldi barriei lekua egin deutse.
Servicios Sociales Integrados/Ingeteam (Erantzunkizun partekatua eta bateratzea saria, ex-aequo): Honeek enpresa biek emakumeen jaubekuntzearen aldeko pausu sendoak egin ditue eta laneratzeko aukerak emoteagaitik nabarmendu dira. Beharginen beharrak lehentasuna dira lan baldintzak erabagiteko orduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!