Musika-Música jaialdiak 30.000 entzule izan ditu

Bizkaie! 2017-03-06 13:34   Musikea

Bohemiako konpositore handien doinuak protagonista dirala, hainbat emonaldi egon dira asteburuan Bilboko Euskalduna jauregian, Musika-Músicaren 16. edizinoan.

Musika-Músicaren 16. edizinoko une bat (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martiaren 2tik 5era, musikea izan da Bilboko eskaintza kulturalaren ardatza. Bilbao 700 Fundazinoak antolatuta, Musika-Música jaialdiaren 16. edizinoa ospatu da eta, ohiko moduan, kontzertu eta jarduera ugari egon dira zaleen eskura.

Guztira, 75 kontzertu eta jarduera parte-hartzaile egon dira. Emonaldi askotan sarrerak agortu dira eta, danetara, 30.000 entzule batu dira Euskalduna jauregian. Oholtzatik, ostera, 850 musikari inguru pasau dira aurten. Konserbatorioetako ehundazak ikaslek eta 40 adituk be parte hartu dabe.

Musika-Músicako arduradunek azaldu dabenez, era askotako publikoa batu da Euskaldunan. Ganera, entzule ez eze, protagonista be izan da publikoa jarduera batzuetan, adibidez tailerretan, topaketetan edo umeen kontzertuetan.

Era berean, Musika-Músicako egitarau nagusiagaz batera, ikastetxeetako neska-mutilentzako ikuskizun didaktikoak egon dira Euskaldunan bertan, martiaren 1ean, 2an eta 3an. Bertara 2.500 ikasle inguru joan dira, Bilbao 700 Fundazinoaren arabera.

Datorren urtean 17. Musika-Música jaialdiaren txandea izango da. Antolatzaileek aurreratu dabenez, mundu gerren bitarteko gizartea eta musikea izango dira gai nagusia edizino horretan. Musika klasikoari be eragin eutsan gerra arteko egoera kultural eta sozioekonomikoak eta hori erakusten ahaleginduko dira kontzertuen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu