Mongoliarren harrerea urte barriari

Zigor Aldama 2017-03-06 14:00   Bidaide

Khuree! Khuree! errezuak be nahitaezkoak dira. Gaur hasten da udabarria dino euretako batek, oraindino zezeilaren 27a baino ez bada be eta inguruetan udabarri arrastorik ez bada be.

Goizeko zazpirak dira, oraindino ez dau argitu eta termometroan zeropetik 27 gradu agiri dira. Ohean geratzea lako plan hoberik ez dago baina Ulaangom-eko gizon danak ondo jantzita dagoz eta Mongoliako ipar-ekialdeko muturrean dan Uvs probintzia inguratzen daben mendietara jo dabe denporarik ez galtzeko. Lur orotarikoak, zein errusiar furgoneta zaharrak arineketan doaz paraje zurietako kamino bakarretik sasoiz heldu ahal izateko. Tsagaan Sar, urteko lehenengo egun argitzea galtzea pekatua izango litzateke; harri pilotxuen gainean egindako sua, erlijino kantu zein plegariak kantauta emoten deutsie ondo etorria urte barriari. Khuree! Khuree! errezuak be nahitaezkoak dira. Gaur hasten da udabarria dino euretako batek, oraindino zezeilaren 27a baino ez bada be eta inguruetan udabarri arrastorik ez bada be.

Goizeko derrigorrezko eskaintzen artean dago Gengis Khan-en herrialdeko esne apur bategaz hartzen dan te tipikoa. Tradizinoaren arabera, su sagradua erdigunetzat hartuta, lau puntu kardinaletara jaurti behar da baina edukia segundu batzuk barru gogortuta, izoztuta geratzen da. Zerura jaurtita, hauts bihurtuta kosta egiten jako lurreratzea. Merkurioa alde negatiboan izango da luzaroan baina, halan da be, herrialde honetako nomadak hasi dira urteko lehenengo joan-etorriaren gorabeherak atontzen. Mongolia Frantzia lako hiru da azaleran baina herritarrak Madrilekoak baino gitxiago, atara kontuak.

Davaanyam Sukh-ek laster hasiko ditu ger, Mongoliako yurta tradizionala bertan behera ixteko lanak. Bedar onena behar dabe Sukh-en abereek, izan be, kumeak izaten hasita dagoz eta 34 urteko gizon honen familiak negua pasau dauen inguruan kaktusik be ez da jaioten. Urtean 25 bat joan-etorri egiten doguz adierazo dau. Eta bidaiotan jainkoak alde izateko bituun edo Mongoliako Urte Zahar sasoirako Sukh-ek monje bat kontratau dau ganadua bedeinkatuteko. Lan faltarik ez dauka, izan be, familiak ehun gamelu inguru ditu, 600 edota 700 ahuntz eta ardi, hamabost zaldi eta hamar behi. Ordu erdiko mantra lasaiaren ostean, gauez ekiten deutsie bidaiari eta berehala hasiko dira atzera eta aurrera, urduri dabizan animaliei insensu-kea botaten.

Bildur handiena zud-ari deukotsagu, ganadua eroango deuskun muturreko neguari, hain zuzen be. Horregaitik, tenperaturarik hotzenak pasau ostean, kume asko jaio eta osasuntsu bizitea da gure asmo nagusienetakoa adierazo dau artzainak. Espero daigun oraingo errezuek zeozertarako balio izatea. Hortik aurrera, deskantsetako astia be izango da. Izan be, ezerezaren erdian kokatutako yurtan ez dago gauza handirik egiteko. Beraz, Sukh-ek vodka botila bat zabaldu eta lagun talde bategaz goizaldean amaituko dan giroari ekin deutso; Sukh-en emazte eta 11 eta 14 urteko alabentzat, barriz, jai giroirik ez dago eta lan egun gogorraren ostean, begitutea eta zerbitzari lanak egitea baino ez dago.

200 kilometro harago, Tsevegmed Chamsuren-en familian, zoramena izaten da emakumeentzako urte barriaren hasierea, izan be, suetean emoten ditue orduak eta orduak. Jatekoa egiteko zein berogailutzat be erabilten dan su txikian, izoztutako ardi erdia zain dago; eguenera arte familiakoak eta lagunak hartuko doguz dino 48 urteko aitak. Alboan gogo handiegirik barik dagoz 18 eta 21 urteko alabak; Ulán Bator urian dagoz ikasten eta bertako bizimodura ohituta dagoz. Hemen ez dago telefono seinalerik be eta gogaituta amaitzen doguz egunak adierazo dau iPhone-rako internet bila dabilen zaharrenak.

Baina Tsagaan Sar, kiristinoen Gabon Gauaren antzekoa da, basamortu, baso eta mendietan zehar zenbat kilometro egin behar dituen gogoan hartu barik. Esangura horretan, urietan jente gitxi geratu da eta mendialdeko yurtatan, barriz, sekulako mobimentua dago. Gazteoi kantsagarria egiten jaku tradizinoa baina nagusiek asko eskertzen dabe momentu bereziak diralako danok alkarregaz egoteko dino 27 urteko Enkhbayar Batsukh-ek.

Danak heltzen dira harrera-okasinorako jantzi dotoreakaz: arpegi masailetan musu bi, arnasteko tabakoa gordetako tramankuluaren trukea, vodka eta esne zurrupadatxua eta erregaluak banatzeko momentua; gizonezkoentzako alkohol botilak izaten dira ohikoenak eta telak edo jantziak emakumezkoentzako. Dirua be erabilten da familiaren aldarean jarri eta joandakoak gogoratzeko. Eta hori guztia herrialdeko jateko tipikoak tartean dirala egiten da, buuz enpanadillak, ardi okela egosia eta gaztai mueta desbardinak. Ordu erdiko tartearen ondoren, handik alde egin eta hurrengo yurtara joatea izaten da ohiturea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu