Nazinoarteko literaturearen ordezkariak ekarriko ditu X. Gutun Zuriak
2017-03-03 14:06 KultureaApirilaren 25etik maiatzaren 1era bitartean egingo dabe, Bilboko Azkuna Zentroan, Gutun Zuria jaialdi literarioa, Ospakizuna goiburupean.
Erreferentziazko jaialdia bihurtu da Gutun Zuria hamarkada bateko ibilbidean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen ustez. Izan be, aurreko bederatzi edizinoetan, 145 idazle baino gehiago ekarri ditu Gutun Zuriak Bilbora, tartean hiru Nobel saridun. Guztira, 25.000 lagun baino gehiago batu dira jaialdiko jardueretan. Literaturearen munduko mapan kokatu dau Bilbo, dino Aburtok.
Aurtengoa hamargarren edizinoa izango danez, modu berezian ospatu nahi dabela dino Lourdes Fernandez Azkuna Zentroko zuzendariak. Horretarako, aurreko urteetan legez, goi mailako nazinoarteko autoreak ekarteko apustua egin dabe, literaturearen lehen lerrokoak. Solasaldi eta mahai-inguruetan parte hartuko dabe idazleok. Ganera, zinemagintzako gidoiei be begiratuko deutsie Gutun Zurian eta langintza horretan nabarmendutako autoreak etorriko dira.
Idazleen barriketaldiak Gutun Zuriaren lehenengo egunean bertan hasiko dira; Apirilaren 25ean, Alberto Manguel txiletarra eta Annie Proulx estadubatuarra ipiniko ditue aurrez aurre. Hurrengo egunean, Siri Hustvedt izango da protagonistea eta, 27an, Diamela Eltit. Hil horren 28an, euskal autore baten, Kirmen Uriberen txandea izango da; Santiago Segurola kazetariagaz izango dau barriketaldia Ondarroako idazleak.
Bestetik, poesiari be lekua egingo deutsie, apirilaren 29an. Lehenengo errezitaldi poetikoa egongo da eta, ondoren, hor parte hartu daben autoreek eta irakurleek alkar ezagutu ahal izango dabe. Chantal Maillard, Clara Janés, Darío Jaramillo, J.A. González Iglesias eta Beñat Sarasola idazleak egongo dira errezitaldian.
Zinemagintzeak eta literatureak lotura estua daukie, gidoi asko lan literarioetatik eratorriak diralako;hain zuzen, lotura horri begiratuko deutsie maiatzaren 1eko saioan. Jean-Claude Carrière eta Guillermo Arriaga, biak be film ezagunetako gidoien egileak, izango dira solasaldi baten.
Proiekzinoak be egongo dira. Carrièrek eta Arriagak idatzitako pelikulak ez eze, Brokeback Mountain eta Soy el último de los míos emongo dira. Gutun Zuriko aurtengo gonbidatu biren lanetan, Annie Proulx eta Kirmen Uriberenetan hurranez hurran, oinarritutako filmak dira. Era berean, apirilaren 30ean, argitaratzaileakaz topaketea antolatuko da, literaturan editoreen zeregin garrantzitsua ikusiarazoteko.
Beste adierazpen artistiko batzuk gogoan, emonaldi berezi bi izango ditu Gutun Zuriak. Batetik, jaialdiaren inaugurazino ofiziala baino egun bi lehenago, apirilaren 23an, Liburuaren Nazinoarteko Egunean, Odiseak 1937-2017 lana aurkeztuko dau Maskarada taldeak. Miren Agur Meabek idatzitako testuetan oinarrituta, Gerra Zibileko iheslarien eta gaur egungo errefuxiatuen arteko alderaketea egingo dabe.
Bestetik, apirilaren 25ean, jaialdiaren inaugurazinoagaz bat eginaz, Olatz de Andresek sortutako pieza baten zati bat ikusi ahal izango da. The Endgame izeneko proiektu horretan, xakeari modu berezian begiratzen deutso De Andresek eta, hortik inspirazinoa hartuta, mobimenduen mundua sortzen dau.
Erakusketei jagokenez, batetik, martiaren 7tik ikusgai egongo da, Azkuna Zentroan bertan, Gutun Zuriaren trazuak, jaialdiaren hamar urteko ibilbidea laburbatzen dauena. Bilbon hamar urteotan izan diran idazleen sinaduren eta eskaintzen bildumea da. Bestetik, Denboran zehar instalazino artistikoa egongo da Gutun Zuria martxan dagoan egunetan. Luzinterruptus kolektiboak jentearen parte-hartzeagaz sortutako instalazinoa da.
Hamar urteko ibilbideari esker, Gutun Zuria topaleku bihurtu dala dino Juan Mari Aburtok, esperimentazinorako lekua da, gero jenteagaz alkarbanatzeko. Gutun Zuriaren ibilbidea hamar urte aberasgarri izan dirala uste dau alkateak.
Gutun Zuria jaialdiko ekitaldietarako sarrerak salgai dagoz gaurtik. Parte hartuko daben autore guztien barri, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!