Enpresaburu diran Bizkaiko emakumeek 4.500 miloe euro fakturauko ditue
2017-03-02 10:22 KultureaBizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Alkarteak (ADE) eta Bizkaiko Foru Aldundiak AED Enpresa-emakumeak Behatokia aurkeztu dabe, Lidera proiektuaren barruan.
Bizkaiko enpresaburu emakumeek 4.500 miloe euro inguru fakturetan ditue eta 48.000 persona baino gehiagori lan zuzena emoten deutse, hau da, sektore pribatuko soldatapeko personen % 17ri. Horixe da AED Enpresa-emakumeak Behatokiaren ondorioetako bat. Ikerfel arduratu da lana egiteaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz, eta bertan emakumeek Bizkaian sortu eta zuzendutako enpresen benetako erradiografia eskaintzeaz gan, estereotipo batzuk baztertzen dira.
Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputaduak eta Carolina Pérez Toledo ADEko presidenteak Behatokiaren lehenengo txostena aurkeztu dabe, Lidera proiektuaren barruan. Bizkaiko enpresetan emakumeen lidergoaren egoerea zein dan jakin eta aztertu ahal izango dabe lanaren bitartez. Ondorioak funtsezkoak izango dira emakume enpresaburuen eta zuzendarien erreferentziak sortzeko, ikusarazoteko zein sustatzeko eta horreien posizionamendua sendotzeko. Ganera, lurraldeko erakundeetako organo erabagitzaileetan emakume zuzendarien kopurua handitzeko beharrezkoa dan lan-prozesua bultzatuko dau.
Beraz, Bizkaiko emakume enpresaburuei egindako 500 inkesta oinarri hartuta, emakumeek Bizkaian sortutako enpresen erradiografia aurkeztuko dau Behatokiak: enpresa egonkorrak denporea aurrera joan ahala (20 urte baino gehiagoko antzinatasuna), funts propioakaz sortutakoak, ia laguntza edo diru-laguntzino barik, sortzaileen motibazino ekintzailearen bidez sortutakoak, eta lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna dabenak.
Bizkaiko emakume enpresaburuei buruz azterlanean jasotako profila, gitxienez persona bat kontrauta dabenena, 7.200 personek beteten dabe EUSTATen arabera, hau da, emakume landunen % 3. Hauxe da profil ugariena: unibersidade ikasketak (% 34) edo goi-mailako Lanbide Heziketea dabenak, ezkonduta (% 65), 36 eta 45 urte bitartekoak eta seme-alaba adin-txikikoakaz. Enpresearen egunerokogazko konpromisoa daben emakumeak dira kasuen % 99an, eta emakume oso aktiboak enpresearen kudeaketeari jagokonez. Bestalde, personei zuzendutako enpresa-kulturea dabe, eta balantzea egiterakoan % 72k baieztatu dau oso pozik dagoala egindako lan-ibilbideagaz.
Horrezaz gan, enplegua, negozioa eta aberastasuna sortzen daben emakumeak dira, gizarteagazko, inguruagazko eta jenteagazko konpromisoa daben erakundeak bultzatzen dituenak, iraunkortasunaren aldeko apustua egiten dabenak eta prozesua ikusarazo eta prozesuari balioa emoten deutsien estrategiak behar dituenak, estereotipo eta uste okerrak erabat baztertzeko.
Estereotipoak eta errealidadea
Azterlanean baztertu egin dira emakumeek sortutako enpresek gainditu behar dituen estereotipo batzuk, besteak beste, enpresak familia-ekonomia osotzeko sortzen dituela edo gitxi irauten dabela.
Bokazinoa: Enpresa abian jarteko motibazinoari jagokonez, inkestan parte hartutako % 65ek langabezia edo aktibidade eza alboratu, eta bokazino eta motibazino personala nabarmentzen dau beste edozein adierazleren gainetik.
Alde batera itxi behar dan beste mito bat da emakume enpresaburuek enpresa-jarduerea hasi aurretik eskarmentu profesionalik ez dabla dinoena, izan be, % 47k 12 urteko lan-jarduerea dauka.
Laguntzino barik: Martxan jarteko ia-ia laguntzinorik edo diru-laguntzinorik jaso ez dituen enpresak dira, eta 10etik 7k ez daukie kanpo-finantzazinorik edo diru-laguntzinorik. Ekonomia eta finantzaketa-zailtasunak dira Bizkaiko emakume enpresaburuek hasieran dituen arazorik larrienak; holan izan da behintzat kasuen erdian.
Iraunkortasuna: Emakume enpresaburu askok familia-ekonomiari eusten deutsie. Beraz, 10 emakume enpresaburutik 4k familiako diru-sarreren % 75i aurre egiten deutso. Horrenbestez, bistan geratzen da enpresearen jarduereak familia-ekonomian dauen garrantzia. Esangura horretan, Bizkaiko emakume enpresaburuek bat egiten dabe NBEk 2030. urterako enpresei jarritako garapen iraunkorreko helburuakaz. Errealidadean, emakumeek Bizkaian sortutako enpresen % 54k 20 urte baino gehiagoko antzinatasuna dauka, hau da, denporeak aurrera joan ahala iraunkorrak dirala ikusten da, eta enpresak ez dituela entreteniduteko bakarrik sortzen.
Sektoreak: Emakume enpresaburuak dituen Bizkaiko enpresak heterogeneoak dira, baina kontzentrazino handia dabe zerbitzuen (bitik 1) eta ostalaritzearen (% 17) sektoreetan. Alabaina, enpreseagaz, aholkularitzeagaz, prestakuntzeagaz eta bestelakoakaz zerikusia daben jarduerei lotutako sektoreetan be oso ugariak dira. Era berean, Bizkaiko enpresek oro har daben banaketa oso desbardina dabe eta merkataritzeak eta ostalaritzeak presentzia txikiagoa dabe (% 23 eta % 9, hurranez hurran, EUSTATen arabera). Horrezaz gan, emakumeen erdiak ez dau bere burua identifiketan sektore-mueten sailkapenagaz, ez baita gaur egungo enpresa-errealidadera egokitzen.
Enplegua eta fakturazinoa: Agirian geratu da enplegua sortzen dabela: 48.000 enplegu zuzen Bizkaian. Ganera, nabarmendu behar da, orokorrean, emakumeek beste emakume batzuk kontratetan dituela, merkataritzatik hurren dagoan profilean izan ezik. Gehien bat mikroETEak badira be, Bizkaiko enpresa guztiak batuta baino neurri handiagokoak dira. Beste alde batetik, fakturetan dituen 4.500 miloe euroak argi ixten dabe aberastasuna sortzen dabela. Testuinguru horretan, epe laburrean, Bizkaiko lau enpresatik batek langileak kontratetea aurreikusten dau. Nazinoartekotzeari jagokonez, % 9k bakarrik esportetan dabe.
Behatokia gizartean aurkeztea
AEDk, martiaren 2an, eguenean, aurkeztuko du AED Enpresa-emakumeak Behatokia Iberdrola torrean egingo dan ekitaldi batean. Ekitaldia zein Behatokia aurkeztu eta gero, sektore desbardinetako hiru emakume enpresaburu eta zuzendarik beren esperientzia profesional eta personalaren barri emongo dabe, bai eta zuzendaritzako eta enpresetako erronka barriei buruz dituen hausnarketak azaldu bere. Hori guztia Emakume enpresaburuek Bizkaian daben Eragin Sozioekonomikoa izenburupean egingo dabe. Bertan ondokoek parte hartuko dabe: Mercedes Pescador, Lo que no existe argitaletxeko editorea eta Medialuna agentziako zuzendari fundatzailea; Nerea Landa, enpresaburua eta Dermitek enpresako zuzendari-bazkidea; eta Marta Aburto, Segaser SL (Axa Seguros) enpresako zuzendaria.
AED
AED duela 20 urte sortu zan Bizkaian. Gaur egun, alkartea erreferentzia da, eta Bizkaian jarduten daben enpresa txiki, ertain zein handietako emakume enpresaburu, zuzendari eta profesionalen interesak ordezkatzen ditu. Enpresa-eremuan emakumeek zeregin garrantzitsuagoak eukiteko azpiegiturak sortzeko estimulazinoa emotea dau helburu, bai eta enpresa- eta ekonomia sarean erabat sartzeko oztopoak kentzea bere.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!