Ahoz Aho, Ahozkotasunaren Nazinoarteko Jaialdia, 10. ekitaldira heldu da

Bizkaie! 2017-03-01 09:58   Kulturea

Ordizian eta Tolosan egingo da Ahoz Aho, martiaren 2an hasita. Intujai Teatrok antolatzen dau urtero eta aurtengoa edizino biribila izango da.

Kontakizun tradizionalak, narrazino literarioak, joko eszenikoak, poema musikatuak, bertsoak, berba jokoak eta antzeko ahozko adierazpideak bultzatu eta gizarteratzeko helburua dauka Ahoz Ahok, Ahozkotasunaren Nazinoarteko Jaialdiak. Aurten hamargarren edizinoa danez, egitarau luzeagoa atondu dau Intujai Teatrok.

Era honetako jaialdi apal bat hamar urte betetzera heltzea lorpen esanguratsua danez, modu berezian ospatuko dabe urteurrena, egitarau oparo bategaz. Aurreko urteetan izandako artista batzuk barriro konbidau ditue. Bestetik, kontalariek lehenengo aldiz parte hartuko dabe Ahoz Ahon.

Guztira, 26 artista izango dira Tolosako eta Ordiziako emonaldietan. Gehienak, 18, Euskal Herrikoak dira (May Gorostiaga, Dorleta Kortazar, Juan Kruz Igerabide, Joxemari Karrere, Nerea Ariznabarreta, Koldo Ameztoy...), baina kanpoko zortzi be badagoz: Txile, Algeria, Peru, Argentina, Valentzia, Andaluzia eta Errioxatik datoz.

30 ikuskizun antolatu dira. Ohi baino luzeagoa izango da aurtengo Ahoz Aho: Bihar, martiak 2, hasi eta ia hil osoan egongo dira jarduerak, 25era arte. Jarduera batzuk euskeraz izango dira, beste batzuk gaztelaniaz eta elebidunak be egongo dira.

Egitarau nagusiagaz batera, ikastaroak eta berbaldiak egongo dira, baita kontaketa lehiaketea be. Horrezaz gan, gala handi bi ospatuko ditue. Hamargarren edizino honetako beste nobedade nagusi bat Urrezko Kalabaza Sariak dira. Lehenengo aldiz emongo dira, urteotan jaialdia bultzatzen lagundu daben personak omentzeko asmoz.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu