Umorezko Antzerki Erakustaldiaren 5. edizinoa egongo da Bilboko Errekalde auzoan

Bizkaie! 2017-02-28 13:25   Kulturea

Martiko lau barikutan familia osoari eskainitako antzezlanak emongo ditue. Ganera, zinekluba egongo da.

Nomofobikak taldearen 'Sarean kateatuak' (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martiaren 3an hasiko da Errekalde auzoko Umorezko Antzerki Erakustaldia. Egun horretan, Andaluziako Las XL konpainiak Abandónate mucho antzezlan musikatua eskainiko dau 19:30ean, Errekaldeko udaltegian. Martiaren 17an, 24an eta 31n be emonaldiak egongo dira leku berean.

Lau proposamen eszenikoak familia guztiarentzat egokiak dirala azaldu dau Bilboko Udalak. Emonaldietako bat euskeraz izango da, martiaren 17koa hain zuzen. Nomofobikak taldeak Sarean kateatuak izeneko lana antzeztuko dau egun horretan. Eskuko telefono barik etxetik urteteari ikarea deutsien hiru emakume dira protagonistak. Publikoaren laguntzinoagaz terapia egingo dabe. Amaia Lizarralde, Belén Cruz eta Olatz Beobide dira antzezleak.

Hileko azken bariku bietan, 2theatre-ren Boris & Ingrid (martiaren 24an) eta Cía Aérea Teatroren De todas las bellas, las más bellotas (31n) egongo dira ikusgai Errekaldeko udaltegian.

Beste alde batetik, Umorezko Antzerki Erakustaldiaren barruan, zineklub saioa antolatu dabe, martiaren 9an, eguena. Arte eszenikoetatik urrundu eta ikus-entzunezkoen munduan sartuko da, beraz, zikloa egun batez. Zinebi jaialdiko igazko edizinoan parte hartu eben umorezko film laburren aukeraketa bat proiektauko dabe. Saio hori be Errekaldeko udaltegian izango da.

Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren bosgarren edizinoa da aurtengoa. Bilboko Udalak azaldu dauenez, zikloko saio guztiak dobakoak dira eta sartzea libre da leku guztiak bete arte. Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu