Eguneroko ekintza eta jarreren garrantzia azpimarratuko dau Emakundek martiaren 8an

Bizkaie! 2017-02-27 13:16   Kulturea

Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harira plazaratu dauen kanpainan Emakundek dino bardintasunaren aldeko jarrerak eguneroko keinuetan oinarritzen dirala.

Martiaren 8ko kanpainako leloa Berdintasuna nire baitan ere hasten da da. Izan be, egunerokoan norberak dituan jarreretan ipini nahi dau arretea Emakundek, bardintasunaren bidean lehenengo pausuak ekintza personaletan dagozalakoan.

Kanpainarako preparautako karteletan ohiko hainbat egoera agiri dira. Jarrera eredugarritzat jo ditu Emakundek. Esaterako, mezu sexistakaz iragarritako produkturik erosten ez dauen personea, semeari ez beti dala ez erakusten deutsan aita, beharginen sexua barik talentua saritzen dauen enpresea eta semeari amaren abizena ipini deutsan bikotea dagoz. Ganera, bideoa be plazaratu dau Emakundek (ikusi hemen).

Igazko kanpainan, emakumezko eta gizonezkoakaz lotzen diran rolak ezabatzearen inguruko mezua zabaldu eban Emakundek. Txikitatik neskei eta mutilei jarrera diferenteak erakusten jakezela salatu eban. Hari horretatik tiraka, aurten bardintasunaren aldeko jarreren garrantzia azpimarratu dau Emakumearen Euskal Erakundeak. Hau da, mezu baikorrak zabaltzearen beharra nabarmentzen da oraingoan.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak kanpainearen aurkezpenean azaldu dauenez, mezu positiboak erakutsi nahi izan ditue oraingoan, hau da, jokabide eredugarriak txalotu. Herritar guztiei bardintasunaren aldeko jarrerak hartzeko eskatu deutse Landaidak, bardintasuna gizarte osoaren ardurea dalako.

Zezeilaren 28an hasiko da, modu ofizialean, Emakunderen kanpainea. Hedabideetan, kaleko karteletan eta abar agertuko da. Ganera, sare sozialetan, herritarrek euren jarrera edo ekintza eredugarrien barri emon ahal izango dabe. Traol hau erabiliko da: #BerdintasunaEgitenDut

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu