Sei artista gaztek euren obrak erakutsiko ditue Bilboko Guggenheim Museoan

Bizkaie! 2017-02-27 10:23   Kulturea

Xare Álvarez, María Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña eta Carlos Martínez aukeratu ditue Eginberri erakusketarako.

Argazkia: Erika Ede/Guggenheim Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertoko artista gazteei lekua egin nahian sortu dau Guggenheim Museoak Eginberri programea. Aurkeztutako sortzaileen artetik sei aukeratu eta hareen lanakaz erakusketa kolektiboa antolatu dau, 177. aretoan. Apirilaren 10etik maiatzaren 7ra bitartean ikusi ahal izango da.

Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK dira ekimen honen babesle nagusiak. Euskal Autonomia Erkidegoko 35 urtetik beherako artistek parte hartu ahal izan dabe Eginberri egitasmoaren deialdian. Guztira, 62 lagunek emon eben izen 2016ko abenduan zabaldutako deialdian.

Asier Madarieta BizkaiKOA erakundeko arduraduna, Eztizen Eresumaga Rekalde aretoko hezkuntza arduraduna eta Guggenheim Museoko arte arduradun bi, Lucía Aguirre eta Petra Joos, egon dira epaimahaian. Aurkeztutako lanak kalidade handikoak izan dirala azaldu dabe. Azkenean, Xare Álvarez, María Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña eta Carlos Martínez aukeratu ditue apirilean hasiko dan erakusketarako.

Aukeratutako seirek, 1.500 euro jasoko ditue bakotxak, aurkeztutako proposamenean oinarritutako artelanak sortzeko. Erakusketearen komisarioa Lucía Aguirre izango da. Epaimahaiaren arabera, aukeratutako sei artisten sorkuntzeak, gizarte-alkarrizketan sakontzeaz gan, proiektu moltso azpimarragarria osotuten dabe.

Guggenheim Museoaren 20. urteurrena ospatzeko jardueren barruan dago Eginberri. Inguruko komunidade artistikoagaz hartu-emona estutzea da ospakizunen helburuetako bat. Ganera, artista gazteen obrak museoan erakutsita, euren lana ikusgarri bihurtzeko asmoa be badauka Guggenheimek.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu