Isaac Cordalen interbentzino artistikoak, Bilboko SC Galleryn

Bizkaie! 2017-02-24 12:07   Kulturea

Giza komedia izeneko erakusketea apirilaren 28ra arte egongo da Gorte kaleko galerian. Cement Eclipses proiektuari lotutako lana da hau.

'American Dream', Isaac Cordal, Bilbo 2017 | Ikusi handiago | Argazki originala

Isaac Cordal artista galiziarraren bakarkako lehenengo erakusketea da SC Galleryk zabaldu dauen hau. Izatez, Cement Eclipses proiektuaren jarraipena da: Bilboko kaleetan hainbat interbentzino artistiko egin zituan Cordalek eta horren dokumentazinoa da erakusketea.

Horreek interbentzinoak espazio publikoan egin zituan Isaac Cordalek. Figura txikiak erabilita, eszenak irudikatu zituan Bilboko txoko ugaritan. Eskulturea eta argazkigintzea lotzen dira Cement Eclipses proiektuan: Lehenengo, artisteak eskulturen moduan atontzen ditu eszenak. Ondoren, argazkia ateratzen deutse, errealidadearen itxurea emonaz. 

Behin horrek interbentzinoak amaituta, SC Galleryn ikusi leitekez argazkiak. Giza komedia izenburua dauka erakusketeak, izan be, gizakiaren egunerokoa erakusten dabe argazkietako figurek, baina natureagaz hartu-emona galdu dauela salatzeko. Gizartearen portaerea, masa legez, aztertzen dau Isaac Cordalek, begirada kritiko batetik, galeriako arduradunek zehaztu dabenez.

Cordalek enpatia bilatzen dau berak sortutako pertsonaiakaz. Kalean edo beste espazio publiko batzuetan agiri dira, babes barik, eguneroko gauzak egiten. Kontuan izan behar da, eszenak sortzeko erabilitako figurak miniaturak dirala eta, beraz, ingurutik pasetan dan jentea baino askoz txikiagoak.

Cement Eclipses proiektu ibiltaria da. Bilbora heldu aurretik, beste uri askotan egin ditu Cordalek antzeko ekimenak, adibidez Berlin, Londres, Bogotá, Hanoi eta New Yorken. SC Galleryn, baina, Bilbon egindako interbentzinoak dira protagonista eta erakusketearen izenburua be, Giza komedia, euskeraz da. 

Apirilaren 28ra arte ikusi ahal izango da erakusketea. Astelehenetik barikura, 17:00etatik 20:30era dago galeria zabalik. Zapatu goizetan ikusteko, aurretik hitzordua eskatu behar da.

2017/02/17 - 2017/04/28

Bilboko SC Galleryn

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu