Mendiko zinemarik onena Gasteizen, 5. Mendi Tour Vital ekimenean

Bizkaie! 2017-02-24 10:18   Kulturea

Zezeilaren 27tik martiaren 3ra bitartean, Bilbao Mendi Film Festivaleko pelikularik onenak eskainiko dira Vitoria-Gasteizen, Vital Fundazinoaren aretoan.

Mendi Tour Vital ekimenean, 11 film eskainiko dira, Bilbao Mendi Film Festivaleko bederatzigarren edizinoko onenetakoak. Aurreko edizinoetan hurreratu dan jente piloa kontuan hartuz, saio bikoitzean eskainiko dira pelikula guztiak, beraz, 18:00etan eta 20:00etan ikusi ahal izango dira, Vital Fundazinoaren Aretoan beti.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri dagoz ondoko lekuetan: Estadio Fundazinoko harreran 9:00etatik 19:00etara; eta Vital Fundazinoko egoitzan (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea 24, Vitoria-Gasteiz) 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara hilak 23, eguenera arte; 8:30etik 14:00etara hilak 24 barikuan; eta datorren asteko saio egunetan, Estadion 16:00ak arte eta Vital Fundazinoko egoitzan 14:00ak arte. Eta sarrerarik geratuko balitz, saio egunetan bertan Vital Fundazinoko Aretoko leihatilan bertan eskainiko dira proiekzinoak hasi baino ordubete lehenagotik. Sarrereak 5 euro balioko dau saioko, 3 euro Estadio Fundazinoko bazkideentzat Estadion aurretik erosi ezkero.

Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.


Mendi Tour

Bilbao Mendi Film Festivalaren ekimena da, mendia eta abentureari buruzko nazinoarteko zinema jaialdiaren ekimena. 2016ko abenduan egin zan azken edizinoko pelikula onenen bildumea da Mendi Tour, bateko eta besteko aretoetan eskaintzeko tentuz hautatutako bildumea. Bilbao Mendi Film Festival urteroko hitzordua izaten da, eta mendiko zinemagintzako produkzinorik onenak batzen ditu: eskalada eta alpinismoaz batera, muturreko kirolak, eskia, naturea, ingurumena, etnografia... hartzen ditu aintzat.

Aitatu azken edizinoan, BMFFak 21 herrialde desbardinetatik etozan 150 lan jaso zituan eta horreetatik 39 hautatu ziran saio ofizialerako. Danetara, 9.000 lagun baino gehiago hurreratu ziran hamar eguneko programazinoa jarraitzeko eta eurek beste gozau eben beren lanak aurkezteko Bilbora etorritako 30etik gora konbidadu berezik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu