Marijane Minaberri idazlea eta ohorezko euskaltzaina hil da
2017-02-24 08:32 KultureaUmeen eta gazteen literaturea euskeraz landu eban lehenengoetarikoa izan zan Nafarroa Behereko idazlea. 90 urtegaz hil da, Euskaltzaindiak jakin eragin dauenez.
1926an jaio zan, Bankan, Marie Jeanne, edo Marijane, Minaberri. Euskeraz idazten hasi zan eta Ipar Euskal Herriko argitalpenetan hainbat poema plazaratu zituan. Ondoren, umeentzako ipuinak idazteari ekin eutsan. 1960ko hamarkadako Itchulingo anderea eta Xoria kantari, euskerazko umeen literaturako aitzindaritzat jo ditue adituek.
Lanbidez kazetari izan zan Minaberri, 1990ean erretiroa hartu eban arte. Prentsan, hainbat hedabidetan ibili zan: Basque Eclair, Herria, Almanaka, Sud-Ouest eta abar. Irratian luzaroan ibili zan eta hor be aitzindari izan zan euskereari lekua egiteko orduan. Lehenengo, Parisetik gidatutako Radio Côte Basque-n euskerazko tartea egin eban 1960ko hamarkadan. Gero, Gure Irratian eta Lapurdi Irratian jardun eban.
Literaturearen alorrekoa da, baina, Minaberriren ekarpenik oparoena. Umeentzako ipuinak eta liburuak ez eze, antzezlanak eta olerkiak idatzi zituan. Lapurteraz eta euskera batuan dagoz argitaratuta haren lanak eta frantsesera be itzuli dira ipuinetako batzuk. Literaturaz gan, hiztegigintzan be ibili zan.
1999an, Marijane Minaberriren idazlanetan oinarrituta, Marijan kanta zan diskoa sortu eban Oskorri taldeak. Herririk herri ibili ziran Oskorrikoak, Kukubiltxoren laguntzinoagaz antolatutako ikuskizuna antzezten eta, horri esker, Minaberriren hainbat kantu eta poema belaunaldi barriakana heldu ziran.
1964an euskaltzain urgazle izentau eben. 1998tik, ostera, ohorezko euskaltzaina zan Marijane Minaberri. Euskaltzaindiak berak jakitera emon dauenez, 90 urtegaz hil da, Bordelen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!