Foru Aldundiak, BBK-k eta Guggenheimek bat egin dabe, museoaren 20. urteurrenean

Bizkaie! 2017-02-23 13:20   Kulturea

Lankidetza hitzarmena sinatu dabe, Bilboko Guggenheim Museoaren 20. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldiren finantziazinoa zehazteko.

Juan Ignacio Vidarte, Unai Rementeria eta Xabier Sagredo (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak eta Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheimeko zuzendari nagusiak sinatu dabe lankidetza hitzarmena, museoan egindako ekitaldi baten.

1997ko urrian zabaldu zan museoa eta, hortaz, aurten beteko ditu hamarkada bi. 2016ko udagoienean hasita, kultureagaz lotutako ekitaldi ugari antolatzen dabil Guggenheim, urtebetetzea ospatzeko. Urrira arte egongo dira jarduerak. Gaur sinatutako akordioari esker, horreetako batzuk finantziau ahal izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k modu aktiboan parte hartuko dabe inguruko arte eta kultura komunidadeagaz hartu-emona estutuko daben jardueretan, hitzarmena sinatzeko ekitaldian nabarmendu dabenez. Guggenheimi laguntzino hau emonaz, euskal kultura ehuna biztuko dabelakoan dagoz.

Kontuak kontu, Bizkaiko Foru Aldundiak 200.000 euro emongo ditu eta BBK-k, 100.000. Hiru egitasmotara bideratuko da erakunde bion aportazinoa:

1.- TopARTE: Euskal eragile kulturalei zuzendutako programea da. Museoko hainbat gune eskaintzen jakez doban, euren ekitaldi eta jarduerak egiteko. Hiru helburu ditu TopARTEk: kultura eragileak bateratzea, proiektuen aberastasuna transmititzea eta askotariko ekitaldiak eskaintzea.

2.- Eginberri: Euskal artista sortzaileei zuzendutako deialdi edegi honetan, arte plastikoetako eta performance alorreko edozein disziplina lantzeko aukerea emoten da.

3.- Lurraldeari irekitzea: Ekintza honen bitartez, Bilboko Guggenheimeko erakusketak Bizkaiko herrietako jenteari hurreratuko jakoz. Horretarako, museora heltzeko garraioa eta sarrerea doban eskainiko jakez herritarrei une jakin batzuetan.

Hiru egitasmo horreek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK-ren laguntzinoa izango dabe. Ganera, arteagaz eta zientziagaz lotutako beste ekintza batek BBK-ren laguntzinoa baino ez dau izango, modu esklusiboan. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz antolatuko da 20. urteurrena ospatzeko ikuskizun publikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu