Bilboko aratusteetako Farolin eta Zarambolas aurkeztu ditue

Bizkaie! 2017-02-23 07:37   Kulturea

Aurten, Las Tea Party DJak dira Farolin eta Jon de Miguel ostalaria, Zarambolas. Hilaren 24an epaituko ditue Plaza Barrian eta, ondoren, hainbat ekitaldi egongo dira.

Farolin, Zarambolas eta Jai Batzordeko kideak | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Aratusteetarako aukeratzen diran pertsonaia bereziak dira Farolin eta Zarambolas. Bilbotarren izakerearen erakusgarri diran personei emoten jake izendapena eta ospakizunetan parte hartzen dabe. Farolin pertsonaia esparru publiko edo profesionalean ezagutzea lortu dauen bilbotar bat izaten da urtero (ez dau zertan Bilbon jaioa izan, baina uriagaz lotura sendoa izan behar dau). Bilboren izena hitzetik hortzera darabilen personea da Zarambolas eta bere ustea Semper Plus Ultra (Beti harago) esaldiak laburbatzen dau.

Uriko aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak diran ezkero, Bilboko Udaleko ordezkariek harrerea egin deutsie Farolin eta Zarambolasi, hau da, Las Tea Party DJ bikoteari (Lorea Argarate eta Eva Gutierrez) eta Jon de Migueli. Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak egin deutse ondoetorria.

Farolin eta Zarambolasen kontrako ohiturazko epaiketea barikuan, hilak 24, egingo da, Plaza Barrian, 19:30ean hasita. Horren ostean, pertsonaia bien kontrako irainak botako ditue ekitaldira joandakoek. Santiago plazan kopla kantaldia eta jantzak antolatu dira. Hori amaitutakoan, barriro Plaza Barriko karpan, Asier Bilbaoren ikuskizunak girotuko dau gaua.

Bilboko Aratusteak zezeilaren 23tik 28ra egingo dira aurten. Farolin eta Zarambolasen epaiketearen inguruko ekitaldiez gan, kontzertuak, lehiaketak eta umeentzako jarduerak egongo dira. Jaietako Batzorde Mistoak jai herrikoi eta parte-hartzaileak izango dirala ziurtatu dau. Ganera, erasorik bako ospakizunak nahi ditu Batzordeak eta, helburu hori gogoan, erasoen prebentzinorako kanpainea ipini dau martxan: Jaietan danak ez dau balio; berez jazarpena dana ezin da ligoteoagaz mozorrotu, horixe aurten erabiliko daben leloa.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu