Bisitaldi gidatuak hasiko dira martian, Bilboko Arriaga antzokia barrutik ezagutzeko

Bizkaie! 2017-02-22 13:27   Kulturea

Arriaga antzokiko ataria, foyerra eta publikoarentzat ezezagunak diran aretotxuak erakutsiko ditue. Ganera, antzerkiko jantzien erakusketa bat be egongo da.

Areto nagusia (argazkia: Arriaga antzokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

1890ean zabaldu zan Arriaga antzokia eta Bilboko harribitxi arkitektonikoetako bat da gaur egun. Zazpi Kaleen atarian dago eta erreferentea da uriko eskaintza kulturalean. Aurrerantzean, ganera, Arriagaren txokorik ezkutuenak ezagutu ahal izango dira, bisitari zein bilbotarrentzat aproposak izango diran bisitaldiei esker.

Bilboren eskaintza turistikoa aberastuko da Arriaga antzokiko bisitaldi gidatuakaz, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Juan Mari Aburto alkateak eta udaleko beste kide batzuek egin dabe lehenengo bisitaldi gidatua. Publikoarentzat martian hasiko dira txandak. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin ahal izango dira.

Arriaga antzokia bikaina da, adierazo dau Aburtok, guztiona da eta deia zabaldu nahi dot jentea Arriaga ezagutzera etorri daiten. Bilboren ikono legez Arriagak dauen zeregina areagotuko dau ekimen barriak, Udalaren arabera.

Orain arte, Arriaga antzokiaren kanpoaldea baino ez da egon ikusgai, arkitektura neo-barrokoaren erakusgarri ederra. Antzezlanen bat ikusten joan diranek, ganera, besaulkien patioa ezagutu ahal izan dabe. Martitik aurrera, antzokiaren bazter ezkutuagoak eta bitxikeriak be jentearen esku egongo dira.

Bisitaldia 50 minutu ingurukoa izango da eta gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dabe txanda bakotxean. Eskilaretatik foyerrerako bidea egingo dabe bisitariek eta, ondoren, publikoarentzat zarratuta egoten diran areto batzuk erakutsiko dira: Orient Express izenekoa eta Areto Isabeldarra dalakoa hain zuzen. Areto nagusitik eta palkotik pasauko da gero bisitaldia.

Bisitaldiaren osogarri, jantzien erakusketa txiki bat ikusi ahal izango dabe parte-hartzaileek. Arriaga antzokiaren produkzinoetatik aukeratutako piezak dira. Juan Crisóstomo Arriaga konpositore bilbotarra, antzokiari izena emoten deutsana, jaio zala 210 urte bete diralako antolatu dabe erakusketea.

Martiaren 4an izango da lehenengo bisitaldia. Hortik aurrera, euskeraz, gaztelaniaz zein ingelesez antolatuko dira txandak. Parte hartzeko, Arriaga antzokiko txarteldegian edo webgunean izena emon behar da. Bost euro balio dau, mobikortasun urrikoentzat hiru euro eta ikasle zein 18 urtetik beherakoentzat doban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu