Maria Riverok bakarkako lehenengo lana plazaratu dau
2017-02-21 10:46 MusikeaSiroka eta Hutsa taldeetako abeslariak Kintsukoroi izeneko proiektua dakar. Diskoa baino gehiago, bizipenen bildumea dala dino.
Hamarkada bat daroa oholtza ganean Maria Rivero balmasedarrak eta bitarte horretan lekua egin dau euskal musikearen panoraman. Siroka taldeko ibilbide luzeak egin dau ezagun eta Hutsa bikote akustikoan be badabil azkenaldion. Orain, bakarkako lanari ekin deutso eta Kintsukoroi izeneko proiektuan gauzatu dau.
Berak sortu eta kantautako abestiak sartu ditu Kintsukoroi izeneko lanean. Japoniatik hartu dau Kintsukoroi kontzeptua Maria Riverok: Japoniako zeramikan erabiltzen dan teknikea da, apurtutako piezen arrakalak urrez beteten ditue, apurtu ostean konpondu dan horri balioa emoteko, azaldu dau. Japoniarren arabera, kaltea jasan dauen edozerk dauka historia bat atzean, ederrago bihurtzen dauena.
Hain zuzen, Kintsukoroi teknikaren oinarriei kasu eginaz, Maria Riverok ez ditu bere akatsak ezkutau nahi, dan modukoa agertu nahi dau. Horregaitik, bere bizitzako arrakalak dagoz proiektuan, bizi izandako poztasun, kolpe eta indar guztiak. Bizitzeak eragindako arrakala horreek urre bihurtuta, aurrera segiduteko motibo dira, Riveroren esanetan.
Disko normal baten ordez, proiektu bat da Kintsukoroi, Riveroren esanetan. Horregaitik, hiru zati daukaz:
-Jaiotzea: Kantu biluziak, egileak berak sortu dituan moduan.
-Tribua: Riverok bere ibilbidean topau dituan sortzaileakaz alkarlana, hainbat modutan aurkeztua.
-Mark: Riverok hil batzuk daroaz bartzelonako Mark Jordan produktoreagaz lanean. Jordanen base industrialak eta Riveroren doinuak nahastauko ditue.
Diskotik harago doan proiektuaren hasikerea zezeilaren 24an izango dala dino Maria Riverok, hau da, barikuan. Egun horretan, Haritz Petralandak egindako bideoklipa zabalduko dabe interneten, Kintsukoroi egitasmoari lotutako lehenengoa.
Hurrengo asteetan, ganera, bideoklip gehiago zabaltzeko asmoa dauka Riverok. Zuzeneko emonaldiak be egingo ditu, baina oraindino ez dau zehaztu non eta noz. Kintsukoroi bizi izandakoaren batuketea eta egiteko dagoan bide barria dala dino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!