Markeliñe eta Ganso & Cía konpainia bizkaitarrak saritu ditue Gijonen

Bizkaie! 2017-02-21 08:34   Kulturea

Umeentzako Arte Eszenikoen Europako Azokan ikuskizunik onenaren saria irabazi dau Markeliñek, Euria lanari esker. Ganso & Cíari interpretazinoaren saria emon deutsie.

Markeliñe konpainiaren 'Euria' antzezlana | Ikusi handiago | Argazki originala

Umeei zuzendutako antzerkigintzearen hitzordurik garrantzitsuenetako bat da FETEN izeneko topaketa hori. Asturiaseko Gijon urian antolatutako azokea 26. edizinoa izan da eta euskal ordezkaritzeak emoitza ona ekarri dau etxera. Izan be, sari handienetako bi, ikuskizunik onenarena eta interpretazinorik onenarena, bertoko konpainientzat izan dira.

Europa guztitik etorritako 77 konpainiak eta 700 bat profesionalek parte hartu dabe Gijongo azokan, baita Argentinako talderen batek be. Guztira, 200 ikuskizun inguru ikusi ahal izan dira eta goi mailako epaimahai profesional batek erabagi dau sariak nori emon.

Sari bereziak albo batera itxita, 11 alorretan emon dira sariak aurtengo edizinoan. Sari nagusia Markeliñe konpainia bizkaitarrak irabazi dau. Euria izeneko antzezlanean, gure inguruko baten bat joan danean agertzen diran sentimenduak lantzen dira. Senide edo lagun hori galdu dogula onartu bitarteko denporea da antzezlanaren kontestua. Zemendian estreinau eban Markeliñek Euria eta FETEN sarietako epaimahaiak uste dau aurtengo azokan aurkeztutako lanik onena dala.

Beste alde batetik, Ganso & Cía konpainiak be palmaresean sartzea lortu dau FETEN 2017 sarietan. Gorka Ganso eta Txefo Rodriguez aktoreek interpretazinorik onenaren saria irabazi dabe, Kaput obran egindako lanari esker.

Ganso & Cíaren 'Kaput'

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu