Munduko hip hop eta kaleko jantzen lehiaketarik ospetsuena Bilbora dator

Bizkaie! 2017-02-20 13:47   Kulturea

Snipes Juste Debout lehiaketan 200 jantzari baino gehiagok parte hartuko dabe. Hitzordua, zezeilaren 26an, Bilboko Campos antzokian.

Lehiaketako antolatzaileak eta kaleko jantzariak; erdian, Nekane Alonso zinegotzia | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko hip hop eta kaleko jantzen batailarik onenak lehenengoz egingo dira Bilbon, Snipes Juste Debout izeneko nazinoarteko jaialdiaren barruan. Domekan, 22 herrialdetatik (Europa, Amerika, Asia eta Afrikatik) etorritako 200 jantzari baino gehiago ibiliko dira norgehiagokan Campos Antzokian, finalerako txartela lortu nahian. Parisen egingo da final hori martiaren 4an eta 5ean. Bilbo nazinoarteko plataforma handi bat izango da hip hoparen eta jantza urbanoaren eremuan sendotzen dabizan artistentzat, eta euren trebetasunak erakutsi eta ikaskuntzak partekatu ahal izango ditue, azaldu dau Bilboko Udalak.

Bilboko lehiaketea Juste Debout 2017 munduko birearen azken-aurreko geltokia izango da eta berton sailkatuko dira kategoria bakotxeko irabazleak Pariseko finalerako. Bilbo eta Parisez gan, Juste Debout 2017 Sorocaba, Shanghai, Tokyo, Genoa, Napoli, Amsterdam, Oslo, Toulouse, Düseldorf, Bratislava eta Londres urietan izan da.

Bilbon domekan egingo den lehiaketan bost kategoria izango dira: Hip Hop (30 talde), House (8 parte-hartzaile), Popping (11 talde), Locking (9 talde) eta Experimental (29 jantzari). Bilboko lehen aukeraketan sailkatzen diranak Pariseko finalera joango dira. Bertan, munduko 32 bikote eta djantzari onenek txapeldunaren titulua lortzeko lehiatuko dira.  Juste Debout-ek 30 miloe ikustaldi baino gehiago izan ditu orain arte Youtubeko kanalean.

Lehiaketeagaz bat eginaz, zezeilaren 25ean, zapatuan, Gran Bilbao Hotelean lehen Bilbao Urban Festival (BUF) egingo da. Topaketa hori dobakoa izango da eta lekua mugatuta egongo da; jarduerak, erakustaldiak, musikea eta jantzea izango dira, esperientziak partekatu eta kultura urbanoaz gozau ahal izango da.

Nazinoarteko epaimahai batek erabagiko dau nortzuk joango diran Pariseko finalera. Jantza eta kultura urbanoaren nazinoarteko lau izar izango dira: Estadu Batuetako Jimmy Soo B Doo Foster; Ben Wichert, jantzari profesionala; Kapela, Frantziako jantzaria eta Juste Debout-eko irabazlea House kategorian; eta Koreako Boogaloo Kin, gaur egungo Popping-aren figura garrantzitsua eta 2014ko Juste Debout txapelduna kategoria horretan.

Sarrerak erosteko, Campos antzokiaren txarteldegira edo lehiaketearen webgunera jo behar dala dino Bilboko Udalak.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu