Carmen Bernabé, Clara Campoamor, Pikara Magazine, SSI eta Ingeteam, Zirgari saridunak

Bizkaie! 2017-02-16 10:43   Kulturea

Bardintasuna bultzatzen daben persona eta erakundeei emoten deutsie Zirgari Saria urtero Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazinoak.

Carmen Bernabéri emongo deutsie Ohorezko Zirgari Saria | Ikusi handiago | Argazki originala

2017ko Zirgari sarien barri emon dau Foru Aldundiak ohar baten bidez. Aurten, bardintasunaren alde egindako lanagaitik sarituko ditue alkarte bat, komunikabide bat, norbanako bat eta enpresa bi. Bizkaian emakumeen eta gizonen bardintasunaren alde personen, enpresen zein erakundeen lana goresten dabe Zirgari Sariek, Foru Aldundiak azaldu dauenez.

Besteak beste, honeek baloreak nabarmendu nahi dira Zirgari Sarien bidez: Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzea, mikromatxismoen kontra lan egitea, maskulinotasun barrien aldeko apustua, hezkuntza partekatuan aurrerapenak, jabekuntzea eta denporearen erabilera barriak.

Jaso diran proposamenetatik sarituak aukeratzeko ardurea epaimahai batek euki dau. Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasun diputadua izan da epaimahaiburu eta BBK-ko zuzendari Gorka Martinez buruorde. Ganerako zortzi kideak enpresearen, unibersidadearen, komunikabideen eta gizarte zibilaren alorreko adituak dira.

Lau kategoriatako irabazleak aukeratu ditue (enpresa biri emon deutsie horreetako bat, ex-aequo). 6.000 euro jasoko ditu kategoria bakotxeko irabazleak, Ohorezko Sarian izan ezik, horrek ez dakarrelako diru-saririk. Sariak emoteko ekitaldia martiaren 7an (Emakumeen Nazinoarteko Egunaren bezperan) egingo da, Bilboko BBK Salan.

Sasoi bateko zirgariek egiten eben lana gogoratzeko ipini deutsie izen hori sariari. Soka batez lagunduta, eta euren ahalegin fisiko hutsagaz, itsasontziak Bilboko itsasadarrean gora eroaten zituen zirgariek. Euretako asko emakumeak ziran.

Honeek dira sarituak:

Carmen Bernabé (Ohorezko saria): Deustuko Unibersidadeko irakasle hau aitzindaria izan zan teologia azterlanetan genero ikuspegia sartzen. Esperientzia erlijiosoa emakumeen begiradatik aztertzeko ahalegin handia egin dau eta, ganera, eleizan zein gizartean bardintasuna bultzatzeko ekimenetan parte hartu dau. Lan akademiko barritzaile, kritiko eta zabala egin dau.

Clara Campoamor alkartea (Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteagaitik saria): 1985ean sortu zanetik, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiten ibilbide luzea bete dau Bilboko alkarte horrek. Legearen eta politikearen alorrean asko eragin dau eta, hortaz, bertoko eta munduko hainbat erakundegaz hartu-emon estua izan dau. Dibortzioaren eta genero indarkeriaren inguruan aurrerapausuak ekarri ditu alkartearen lanak.

Pikara Magazine (Jaubekuntza saria): Lau kazetarik 2010ean sortutako aldizkaria da. Erespide alternatiboak eta eraldatzaileak eskaintzen dituan erreferentziazko hedabidea da, eta bardintasunaren aldeko bozgorailu indartsua. Feministen belaunaldi barriei lekua egin deutse.

Servicios Sociales Integrados/Ingeteam (Erantzunkizun partekatua eta bateratzea saria, ex-aequo): Honeek enpresa biek emakumeen jaubekuntzearen aldeko pausu sendoak egin ditue eta laneratzeko aukerak emoteagaitik nabarmendu dira. Beharginen beharrak lehentasuna dira lan baldintzak erabagiteko orduan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu