Aiko taldeak Txorierrira eroango dau inauterietako erromeria
2017-02-16 08:27 KultureaDomekan, hilak 19, egingo dabe jantzaldia Derioko Baserri Antzokian. Jente guztiari zabalik egongo da ekitaldia.
Torrijaldia dalako ekimenaren 2017ko edizinoa Txorierrira eroango dau Aiko taldeak domekan. Izan be, Baserri Antzokia zabaldu ebenetik, hartu-emon estua euki dabe Txorierriko euskaltzale eta kulturzaleen gune horrek eta Aikok. Jotamentala dokumentala han estreinau eben eta, orain, aratusteetako erromeria berezia helduko da Deriora.
Inauterietako erromeria Aiko taldearen egutegiko garrantzitsuenetako bat da. Derioko hitzordua Totoan eskualdeko euskera alkarteen federazinoagaz eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadeagaz lankidetzan antolatu dau. Modu horretara, euskerea eta euskal kulturea Txorierrin zabaltzen lagundu nahi dau Aikok eta, horrezaz gan, jantzearen bidez ondo pasetako aukerea emon.
Erromeriak aratusteetako ezaugarriak izango ditu, Aiko taldeak azaldu dauenez. Mozorroak egongo dira eta tostadarik be ez da faltauko. Bertara doazanei txokolatea emongo deutsie. Jantzaz eta musikaz betetako jai herrikoia izango da. Leku guztiak bete arte, doban sartu ahal izango da. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da ekitaldia.
Bide batez, Aiko taldeak gogoratu dau, Dantzazaleak erakusketea ikusteko azken egunak dirala Baserri Antzokian bertan. Aikoren 10 urteko ibilbidea hainbat argazkitan batzen da erakusketa horretan. Iñaki Andresek ateratako irudietan, Aikoren ikastaro eta erromerietako uneak ikusi leitekez eta jarduera horreetan parte hartu dabenei egindako omenaldia da.
2017/02/19 18:30
Derioko Baserri AntzokianErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!