Barruan daroan 'Betty Rockanroll' atera dau Txapelpunkek disko barrian

Dabi Piedra 2017-02-15 12:11   Musikea

Sekula baino euskerazko abesti gehiago sartu ditu Txapelpunkek Betty Rockanroll diskoan (Baga-Biga). Punk estiloari eutsi deutso oraingoan be.

Energiaz beteta joan da Iñigito Bilbon egindako aurkezpenera | Ikusi handiago | Argazki originala

Txapelpunken zortzigarren diskoko abestiek egile bi dituela esan leiteke: Iñigito Arrasate eta Betty Rockanroll. Rocka maite dogun guztiok barruan daroagun ahotsa da Betty Rockanroll, azaldu dau Iñigitok, gustuko dogun kanta hori entzutean edo kantetean sortzen dan sentimendua da. Diskoaren izenburua barruko ahots edo alter-ego horri eskaini deutso Txapelpunkek. Taldeko liderra da Iñigito, eta beragaz batera dagoz Atrofi Arrasate eta Gorka Arrate.

Urte eta erdi inguru behar izan dau Iñigitok diskoko kanta guztiak sortzeko. Tarte horretan gorabeherak izan dodaz eta une bakotxeko egoereari lotuta jaio dira kantak, azaldu dau lekeitiarrak. Hamaika abesti dira eta danetariko gaiak lantzen ditue: Amodioa, jaiak, politikea, heriotzea...

Euskerearen aldeko kanta bat be badago. Izan be, disko hau da Txapelpunken euskaldunena, hizkuntzeari jagokonez. Zazpi abesti dira euskeraz eta gaztelania eta ingelesa be sartu ditu diskoan. Gero eta erosoago nago euskeraz kantetan, beharbada euskeraz gero eta gehiago berba egiten dodalako, azaldu dau Iñigitok. Alde horretatik, oso pozik dagoala dino eta ez dau baztertzen hurrengo diskoa euskera hutsean izatea.

Betty Rockanroll diskoko singlea Olentzerori izenekoa da. Bideoklipa egin dabe abesti horretan oinarrituta (hemen). Aitor Zugadi eta Xabier Villalba izan dira bideoaren produktoreak.

Hilabete inguru estudioan sartuta egon eta gero, disko kañeroa dala dino Iñigitok. Rock and Rollaren eremu guztietara zabaltzen dira hamaika kantak, baina Txapelpunken betiko punk ikutua oinarrian dagoala. Hori bai, abesti batzuetan bestelako doinuak be agiri dira, esaterako reggaea edo trikitixa.

Pozik dago disko barriagaz Iñigito. Rock and rolla droga baten modukoa da niretzat, engantxauta nago, azaldu dau. Gustukoen dauen taldea Txapelpunk bera dala dino, talde perfektua izan ez arren: Gu ez gara onak eta onenak be ez; gu ia onak gara, eta hori oso ondo dago, ze beti daukazu zeozer barria ikasteko.

Martian zuzeneko kontzertuak emoten hasiko da Txapelpunk Betty Rockanroll diskoko kantak publikoari aurkezteko. Oraindino kontzertuak lotzen dabiz, baina Iñigitok onartu dau zuzenekoaren urduritasuna nabaritzen hasi dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu