Proiektu kulturalak bultzatzeko hitzarmena sinatu dabe Bilbok, Santanderrek eta Gijonek
2017-02-15 08:32 KultureaHiru uriotako eragileek sortutako sei proiektu kulturali laguntzinoa emongo deutsie. Bilbo eta Santander egon dira orain arte hitzarmenean, eta Gijon batu jake orain.
2012tik urtero barritzen da lankidetza akordioa Bilboren eta Santanderren artean. Aurten Gijon be badago. Aurreko urteetan legez, oraingoan be Bertatik Bertara programea bultzatzea izango da akordioaren emoitza nagusia.
Bertatik Bertara 2017 egitasmoaren barruan, 60.000 euroko poltsea eratu da eta deialdia egin: Bilbon, Santanderren edo Gijonen egoitzea daukien alkarte, erakunde edo eragileek martiaren 20ra arteko epea daukie proposamenak aurkezteko. Kulturearen alorreko sormen lan barritzaileak aukeratuko ditue, ahal dala lankidetza hitzarmenean dagozan uri bitako edo hiruretako artistak batuko dituenak.
Egitasmoak bi edo hiru eragileren artekoak izango dira derrigorrez, hau da, uri bitako eragileek aurkeztuak edo deialdia egin daben hiru urietakoenak. Eragile bakarra dauen proiekturik ezin da aurkeztu, ezta uri bakarreko eragileak daukazana be.
Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Santander Creativa fundazinoak eta Gijongo Hezkuntza eta Kultura fundazinoak finantzauko dabe poltsea, heren bana ipinita. Gehienez sei proiektu aukeratuko dira, uri bakotxeko bi. Asmoa da, proposamen kultural horreek sortzen laguntzea, gero uriotako agendan sartzeko.
Epaimahaian Bilboko, Santanderko eta Gijongo udaletako kultur arloko kideak egongo dira. Beste baldintza batzuen artean, hiru helburuotako bat gitxienez bete beharko dabe aurkeztutako proiektuek: Hiru urion arteko hartu-emon egonkorra izango dauen sektore kultural egonkorra sortzea; uriotako programazino kulturala aberastuko daben proposamenak sortzea; edo uriotako sortzaile eta profesionalen arteko sarea abian jartzea.
Proposamenak gaztelaniaz, euskeraz zein asturieraz aurkeztu ahal izango dirala zehaztu dabe deitzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!