Bizkaia ezagutzeko aplikazinoa aurkeztu dau Euskal Museoak
2017-02-14 08:36 KultureaBilboko museo horretan dagoan maketea oinarri hartuta sortu dabe Bizkaia Hiru Dimentsiotan aplikazinoa.
Bizkaiko historiaren, lurraldearen eta eskualdeen barri izateko aplikazinoa da. Erabiltzaileek lurraldeko kulturan eta paisaian sartu ahal izango dabe, adituen laguntzinoagaz atondutako tresna barriari esker.
Aplikazino alkarreragile hau lau hizkuntzatan erabili leiteke: Euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Malvado Sound Labek garatu dau, Bilboko Euskal Museoaren materialean eta Jesus Muñiz adituaren informazinoagaz. Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenak be erabili ditue. Luzaroan landutako tresnea da, izan be, alderdi historiko eta teknikoaz gan, itzultzaileak, esatariak eta diseinugileak behar izan ditue.
Informazinoa era askotara jasoko dau erabiltzaileak. Pantailetako batzuk hiru dimensinotan dagoz. Irudiak ez eze, soinuak eta ahots bidezko azalpenak dagoz. Bizkaiko historian eta kulturan oinarritutako musikea be sartu deutsie aplikazinoari. Euskal Museoa hobeto ezagutzeko informazinoa dakar, ganera.
Euskal Museoan bisitariak gehien harritzen dituan elementuetako bat, Bizkaiaren maketea (1:5000 eskalako 18 metroko piezea), beste era baten erakusteko modua izango da Bizkaia Hiru Dimentsiotan aplikazinoa. Museoan gordeta dagoan maketa hori kalera ateratzeko modua izango da.
Bizkaia beste modu baten hurreratzea lortzen da aplikazino honen bidez, gure lurraldeak gordetzen dauenaren barri izateko tresna baliogarria da, adierazo dau Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak, Bizkaia Hiru Dimentsiotan aurkezteko ekitaldian. Bilboko zinegotzi Nekane Alonso eta Euskal Museoko zuzendari Sorkunde Aiartza be aurkezpenean egon dira.
Aplikazinoa museoan bertan deskargau leiteke. Ganera, garatzaileen esanetan, laster eskuragarri egongo da Apple eta Google etxeen denda birtualetan, doban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!