Xabier Olarra eta Harkaitz Cano aurrez aurre Bilbon euskal literaturaz eta itzulpengintzaz berba egiteko

Bizkaie! 2017-02-13 10:58   Kulturea

Martitzenean izango dan hitzordua Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta bertsolariak gidatuko dau eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera libreagaz.

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko barriketaldiaren bitartez literaturako zenbait gai eta izarretara hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udalaren ekimenak, Xabier Olarra idazle eta itzultzailea eta Harkaitz Cano idazlea batuko ditu bihar, martitzena, zezeilaren 14an, euskal literatureari eta itzulpengintzeari buruz berba egiteko.

Euskearaz izango dan topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, Urtzi Urrutikoetxea idazle, kazetari eta bertsolaria izango da, eta euskeraz idatzitako euskal literaturearen inguruko zenbait gai planteauko ditu, hizkuntzek argitalpenaren munduan ezartzen dituen mugak edo betiko lan handiak eta gaur egungo bestsellerrak euskerara itzultzearen egoerea, besteak beste.

Xabier Olarra (Tolosa, 1953) Filosofia eta Letratan lizentziatua da, Hizkuntza erromanikoen modalidadean. Euskera eta Euskal Literatura irakaslea izan da urte luzez, eta Nafarroako Gobernuko itzultzaile lanak be egin ditu 1986tik. 1989an, Igela argitaletxea jarri eban martxan Joseba Urteagagaz eta Jose Manuel Gonzalezegaz batera.

Hainbat egile itzuli ditu euskerara, William Faulkner, Ernest Hemingway, Jean Paul Sartre, Truman Capote, Francis Scott Fitzgerald, Raymond Chandler, J.R.R. Tolkien, Raymond Queneau, Dashiell Hammett, Ian McEwan edo Sandor Márai, besteak beste. 2015ean, James Joyceren Ulyses lana itzuli eban, eta horri esker 2016ko Euskadi Literatur Saria irabazi eban, itzulpen literarioaren kategorian.

Xabier Olarragaz batera Harkaitz Cano (Lasarte, 1975) egongo da Eztabaidak Literatureagaz honetan. Gaur egun Donostian bizi da. Zuzenbide lizentziaturea atera eban bertan, baina ez da sekula horretan jardun, oso gaztetatik ekin eutsolako idazteari, 1994an bere lehenengo poema liburua argitaratu ebanetik. Argitaratutako lehenengo lanak poesian oinarritu baziran be, ondorengo lana prosara zuzendu dau, eta gaur egun euskal literatura barriaren figura egonkorrenetakotzat joten da, argitaratzen dituan lan guztiek irakurleen artean daben harrera bikainak erakusten dauen legez.

Euskadiko hainbat egunkaritako ohiko kolaboratzailea da, baita irrati eta telebista gidoilaria bere, eta euskal eszenako zenbait kantarigaz eta artistakaz ibilten da. Harkaitz Canok birritan irabazi dau Euskadi Saria, euskeraz idatzitako eleberri arloan, Twist lanagaz (Susa), –Kritikaren Sari Nazionala be irabazi eban– eta euskeraz idatzitako Haur eta Gazte Literatura modalidadean, Orkestra lurtarrak lanagaz (Elkar).

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, euskeraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturearen esparru osoko 300 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 10.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, egitarauaren helburua literatureagaz topaketarako eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, topaketa bakotxera konbidautako lagunekaz jentaurreko barriketaldiaren bitartez.

Igaz ondokoak izan ziran Eztabaidak literatureagaz egitarauan parte hartu ebenak: Martín Olmos eta Pablo Martínez Zarracina, David Safier eta Joaquín Berges, Laura Freixas eta Anna Caballé, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutiérrez eta Inés Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodríguez, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.

Bidebarrieta Kulturgunea, barriz, Bidebarrietako Liburutegian dagoan literaturearen eta ezagutza humanistearen eta zientifikoaren zabalkunderako gunea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu