Adelek bost Grammy sari irabazi ditu

Bizkaie! 2017-02-13 09:37   Musikea

Musikearen industriako nazinoarteko sariketearen 59. ediziko galea izan da bart Los Angeles urian. Adelek bost sari irabazi ditu eta David Bowie zanak beste horrenbeste.

Adele, irabazitako bost Grammy sariakaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Birtainia Handiko ahotsik indartsuenetako baten jaubea, Adele, izan da aurtengo Grammy sarietako irabazle nagusia. Izan be, lortu dituan bost garaikurretatik hiru, kategoria garrantzitsuenetan izan dira: Urteko diskorik onena (25 izeneko lanari esker), pop tradizionaleko ahots diskorik onena eta urteko grabazinorik onena (Hello kanteari esker). Bigarren aldiz lortu dau Grammyetako hiru sari nagusiak urte berean irabaztea.

Sariketako beste protagonista nagusia David Bowie izan da. Orain dala urtebete hil zan Bowie baina hil aurreko azken lanari esker, bost sari irabazi ditu Los Angelesen. Esaterako, rock abesti onenaren saria Blackstar kanteari esker eskuratu dau.

Beyoncek be hainbat izendapen izan ditu baina Adelek aurrea hartu deutso. Beraz, Beyoncek sari bigaz konformau behar izan dau (musika urbanoko diskorik onena eta bideo musikalik onena).

Beste saritu batzuk honeek izan dira: Chance the Rapper (urteko ezusteko artistea eta rap diskorik onena), Twenty One Pilots (taldekako pop aktuazinorik onena) eta Megadeth (metal arloko aktuazinorik onena).

Euskal Herriko musikarien artean, Lapurdiko Gojira taldeak izendapen bi izan ditu (metal aktuazinorik onena eta rock diskorik onena), baina ez dau bape irabazi.

Ganera, Los Angeles uriko galan goi mailako emonaldiak egon dira: Saritu nagusietako bi, Beyonce eta Adele, kantuan entzun ahal izan ditue bertaratutakoek eta Lady Gagak eta Metallicak batera jo dabe. Oraintsu hildako George Michael, Prince, David Bowie eta abar gogoan izan ditue Grammy sarietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu