Musika-Música jaialdiak 850 musikari profesional batuko ditu Bilbon

Dabi Piedra 2017-02-10 13:51   Musikea

Martiaren 2tik 5era egingo dabe Musika-Música, Euskalduna jauregia erdigune dala. Bohemiako konpositore handiak izango dira programazinoaren oinarria.

Juan Mari Aburto eta Josune Ariztondo | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurtengo egitarauaren aurkezpenean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan dau Musika-Música uriko ekintza kultural handienetako bat dala. Zenbakiak ikusita, holan dala emoten dau: Lau egunean 75 kontzertu eta ekitaldi antolatuko dira eta bertan 850 musikari profesionalek parte hartuko dabe. Milaka ikusle espero ditue eta, jarduera osogarrietan be, beste herritar ugarik parte hartuko dabe, baita ikastetxeetako neska-mutilek be.

Aurten, Bohemiako lau konpositore handi gogoratuko ditue Musika-Músican: Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček. Bohemiako lau handiak 19. mendetik 20.era bitarteko transizinoaren parte dira, azaldu dau Bilbao 700 Fundazinoko zuzendariak. Fundazino horrek antolatzen dau urtero Musika-Música.

Ganera, errepertorioan Pablo Sarasate musikari eta konpositore nafarrari be lekua egingo deutsie, Bohemiako lau konpositoreen sasoian bizi izan zalako. Urtero gure konpositore handiak aurkezteko konpromisoa hartu dogu, azaldu dau Ariztondok. Beraz, Bohemiako doinuak zein Sarasatek sortutakoak entzun ahal izango dira martiaren 2tik 5era Euskalduna jauregian. Goi mailako musikariak zale guztientzat eskuragarri izatea nahi dogu, dino Ariztondok.

Programazinoari ekiteko, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta uriko Koral Alkarteak emonaldi berezia eskainiko dabe. Ganera, Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu dau, aurten lehenengoz, egitarauan parte hartuko dauela Bilboko Udal Bandeak. Guztira, 75 ekitalditan, 850 musikari profesional inguru batuko ditu Musika-Músicak. Tartean egongo dira bertoko konserbatorio, talde eta bakarlari ezagunak eta baita kanpotik etorritako hainbat artista be.

Besteak beste, Judith Jauregi, Josep Colom, Niki Pavel, María Espada, Ainhoa Zubillaga, Olatz Saitua eta Gustavo Peña bakarlariak egongo dira Bilbon. Taldeei jagokenez, Txekiatik datorren Janáček Philarmonic Orchestra da barritasun nagusietako bat, Europa guztiko beste orkestra asko ahaztu barik.

Sarrerak salgai ipiniko ditue martitzenean, zezeilak 14. Kutxabankeko kutxazainetan, Euskalduna jauregiko lehiatiletan eta Bilbao 700 Fundazinoaren bulegoetan erosi ahal izango dira. Talde handientzat telefono bidezko salmentea be egongo da. Igazko edizinoan 35.000 entzule batu zituan Musika-Músicak eta aurten antzeko kopuru batera heltzea espero dabe antolatzaileek.

Ganera, jarduera osogarrien bidez, musika klasikoa uri guztira zabaldu nahi dau Musika-Músicak. Bilboko barruti guztietara heltzen dan Auzoz Auzo programea zezeilaren 23ra arte egongo da martxan. Martian beste ekintza asko antolatu ditu Bilbao 700 Fundazinoak: Mahai-inguruak, topaketak, filmetako musikea zuzenean jotea, familia guztiarentzako tailerrak eta abar. Baliabideen aldetik ahalegin handia da Musika-Musica, baina garrantzitsuena da musikea kalerik kale eta auzorik auzo eroatea, nabarmendu dau Ariztondok.

Ikastetxeakaz orain dala hilabete batzuk hasi ziran alkarlanean, ikasleentzako hainbat jarduera berezi atontzeko. Esaterako, zezeilaren 28tik martiaren 2ra arteko goizetan, saio didaktikoak egongo dira eta 2.500 neska-mutilek parte hartuko dabe. Bohemiatik Bilbora izeneko tailerra be antolatu dabe umeentzat eta, bestetik, familientzako Tik-tak denbora eta Paisajes de Bohemia kontzertuak dagoz egitarauan.

Barrura eta kanpora begiratzen dauen jaialdia da Musika-Música, Juan Mari Aburto alkatearen ustez. Hau da, bertoko talentua aintzat hartu eta atzerriko artistak ekarten ditu. Bilbo eta musikea betidanik egon dira lotuta, tradizino musikal handiko uria da, ganeratu dau Aburtok.

Kontzertuen egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu