Hileon hasiko dira Eskolarteko Bertso Txapelketako saioak
2017-02-09 08:52 Bertsolaritzea15 eta 18 urte bitartekoek txapela izango dabe jokoan. Hortik beherakoek, ostera, lehiaren ordez jai giroko saioetan parte hartuko dabe.
Ikastolen Alkarteak eta Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak antolatzen dabe urtero Eskolartekoa eta, urteen joanean, formatua aldatuz joan da. Gaztetxuentzako txapelketa hutsa izatetik, beste helburu batzuk dituan topaketea izatera pasau da. Aurten be, nagusienek izango ditue kanporaketak eta finalak, baina gazteenek ez dabe lehiarik izango.
Gazteen neurrira egindako saioak antolatzea da asmoa. Euskal Herriko lurralde guztietan egingo dira saioak eta, bagilaren 10ean, Euskal Herriko topaketea egingo da. 15 urtetik beherakoek bertso-merenduak izango ditue, lagunartean kantau eta ondo pasetako. Inguruko bertso eskoletako neska-mutilak batuko dira eskualde edo herrialde bakotxeko saioetan. Hurreko giro goxoa sortzea da asmoa, lehia albo batera itxita.
Bestetik, 15 eta 18 urte bitartekoentzat, ohiko txapelketea antolatuko da. Kanporaketak, herrialde bakotxeko finala eta Euskal Herriko azken saioa eratuko dira. Gipuzkoan hileon bertan hasiko dira kanporaketak. Txapelketako saioak izan arren, lagunarteko giroa sortzen ahaleginduko dira antolatzaileak. Kanporaketak merendu edo afari baten bueltan izango dira, areto txikietan.
Ganera, bertsotan ez eze, beste era batzuetan be parte hartzeko aukerea emongo jake gazteei: Gai-jartzaile, antolatzaile...
Herrialdekako finalei jagokenez, bost izango dira: Gipuzkoakoa (apirilaren 2an, Azpeitian), Nafarroakoa (apirilaren 28an Leitzan), Arabakoa (maiatzaren 13an gazteak eta 27an umeak), Ipar Euskal Herrikoa (maiatzaren 20an Hazparnen) eta Bizkaikoa (bagilaren 3an).
Euskal Herriko finala eta bertso eskoletako neska-mutilentzako jaia bagilaren 10ean izango dira. Ipar Euskal Herrian izango dala dinoe antolatzaileek, baina ez dabe zehaztu ze herritan. Txapelketako irabazleek Ahots Baten sormen jardunaldietan parte hartzeko aukerea lortuko dabe.
Eskolartekoaren helburua da ume eta gazteei jentaurrean kantetako guneak eskaintzea. Hartu-emonak egin, euren hurrekoak bertsozaletu eta antolakuntzan ardurak hartzen ikasi daiela da asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!