Gernika-Lumora 140.000 bisitari joan ziran 2016an

Bizkaie! 2017-02-08 11:45   Kulturea

Bataz beste, egun erdiko egonaldia egin dabe turistek eta gehien bisitau diran lekuak Batzar Etxea, Bakearen Museoa eta Euskal Herria Museoa izan dira.

Gernikako Arbola, Batzar Etxean | Ikusi handiago | Argazki originala

Udalak zabaldu dituan datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegora 2016an etorri ziran bisitarien % 4k osterea egin eben Gernika-Lumotik. Hau da, 140.000 lagun inguru etorri ziran urira turismoa egiteko asmoz. Datuok ikusita, Udalak uste dau sasoirik gozoenean dagoala Gernika-Lumo, turismoaren alorrari jagokonez. Erkidegoko gune turistikorik sendoenetako bat da, uriburuen atzetik, eta Gernika markea nazinoartean ezagun bihurtu dala dino Udalak.

Turisten % 50ek egun erdia pasau eben Gernika-Lumon eta % 14 egun osoan geratu ziran. Bisitarien heren batek ordu bi inguruko bisitaldia egin eban. Astelehena da bisitari gehien erakarten dituan asteko eguna, azokea be egun horretan izaten dalako. Ondoren, eguaztena dator.

Gernika-Lumon dagozan erakargarritasun turistikoei jagokenez, Batzar Etxeak arrakasta handia daukala ikusten da datuetan. Gernikako Arbola ospetsua be Batzar Etxearen barruan dago. Era berean, Bakearen Museoak eta Euskal Herria Museoak be turista asko hartzen ditue. Udalak dinoanez, bisitarien % 75ek Batzar Etxea eta museotako bat bisitau zituan bere egonaldian. Heren bat museo bietan egon zan.

Turismo kulturalagaz batera, gastronomiagaz lotutakoak be erakarten ditu bisitariak Gernika-Lumora. Turista gehienak ostalaritza lokalen baten egon ziran eta egun osoa pasau ebenen artean, % 16k herriko jakiak probau zituan.

Turismo Bulegoak emondako zerbitzuak be gora egin dau, bisitarien kopuruak lagunduta. Ganera, bulegoa ordu gehiagotan zabalik egoteak mesede egin dauela uste dau Udalak. Garagarrileko eta abuztuko egun batzuetan, egunero 800 kontsulta izatera be heldu ziran. Museoak, gastronomia eta Santiago Bidea dira turisten galderen gai nagusiak. 

Amaitzeko, turismoaren arloan internetek hartu dauen garrantzia be azpimarratu dau Gernika-Lumoko Udalak. Bisitarien erdiak baino gehiagok sarean bilatu eben uriaren ganeko informazinoa. Lauren batek gidak eta argitalpenak erabili zituan eta % 13 lagun edo senideen aholkuiei kasu eginaz heldu zan Gernika-Lumora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu