Darwinen Eguna ospatuko dabe hilaren 13an Bilbon

Bizkaie! 2017-02-08 09:32   Kulturea

Charles Darwin zientzialaria jaio zaneko 208. urteurrenean, publiko guztiari zuzendutako programazinoa atondu dau Bilboko Udalak Bidebarrieta liburutegian.

Espezie bizidunen eboluzinoaren teoria plazaratu eban ezkero, 19. mendeko zientzialari ospetsuenetako bat da Charles Darwin ingelesa (1809-1882). Haren ekarpena ezinbestekoa da gaur egungo zientzia ulertzeko. Horregaitik, Bidebarrieta liburutegian urtero gogoratzen dabe Darwin. Astelehenean, zezeilak 13, egingo dabe aurtengo Darwin Eguna.

Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, liburutegiko ekitaldi aretoan. Sartzea doban da, baina aurretik gonbidapena eskatu behar da liburutegian bertan. Berbaldi bi izango dira jardunaldiaren ardatza. Lehenik eta behin, Ana Agirre ikertzaile eta EHUko genetika irakaslearen txandea izango da. Minbiziaren biologia molekularra aztertzen dauen lantaldeko kidea da Agirre eta epigenetikearen ganeko berbaldia emongo dau.

Ondoren, 19:45ean, UNEDeko Zientziaren Filosofia eta Logikako katedradun Jesús P. Zamoraren txandea izango da. The survival of the loveliest: Amor en prespectiva darwiniana izenburuko berbaldia emongo dau. Amaitzeko, mahai-ingurua egongo da. Antolatzaileek azaldu dabenez, berbaldiak aproposak dira publiko guztiarentzat, baina zorroztasun zientifikoa eta profesionaltasuna ahaztu barik.

Darwinen Eguna Bilboko Udaleko Kultura Sailak, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedreak eta Zirkulu Eszeptikoak antolatzen dabe. Ekimenaren laguntzaile dira, era berean, CIC Biogune, Bizkaia Fundazino Biofisikoa eta beste hainbat erakunde.

Hamaikagarrenez gogoratuko da aurten Charles Darwinen jaiotzea Bilbon. Aurreko urteetako jardunaldietan goi mailako zientzialariak batu dira Bidebarrietan, esaterako Francisco J. Ayala, Pilar Carbonero eta Manuel Toharia.

Ekitaldia streaming bidez zuzenean eskainiko da, helbide honetan: Kulturguneatb.eus.

2017/02/13 19:00

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu