Renoir margolari inpresionistearen atzera-begirakoa, Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2017-02-07 10:28   Kulturea

Maiatzaren 15era arte, Pierre-Auguste Renoirrek marraztutako 64 koadro egongo dira ikusgai Renoir: intimitatea izeneko erakusketan.

'Emakumea pianoan' (1875-76), olioamihisean, Pierre-Auguste Renoir, The Art Institute of Chicago | Ikusi handiago | Argazki originala

Madrilgo Thyssen-Bornemisza museotik pasau eta gero, Pierre-Auguste Renoirren atzera-begirakoa Bilbora heldu da, Guillermo Solana komisario dala. Inpresionismoaren sasoiko sortzaile ezagunenetako bat dan margolari horren 64 koadroak haren lanaren erakusgarri bikaina dirala dinoe Arte Eder Museoko arduradunek. Renoirren ibilbide guztian bereizgarri izan zan estiloa argi eta garbi ikusten da aukeratutako koadroetan.

Pinturearen ikupen-balioa da, hain zuzen, estilo hori berezi egiten dauen ezaugarrietako bat. Inpresionismoa batez be ikusmenagaz lotutako mobimentua izan zan, baina Renoirrek beste zentzumenak sartu zituan koadroetan, batez be ikumena. Landutako genero guztietan (erretratu, natura hil zein paisajeetan) ahalegindu zan ikumenagaz lotutako sensazino hori margolanetara eroaten.

Ganera, Pierre-Auguste Renoirren estiloaren beste ezaugarri bat be nabarmena da Bilbora ekarritako erretratuetan: Modeloakaz eta ikusleakaz eten barik enpatia bilatzeko ahalegina. Subjektua da obretako ardatza. Horrek beste artista inpresionista batzuetatik desbardin egiten dau Renoir. Pintoreak berak esaten eban, bere margolanak hurretik ikusi behar dirala. Holan, hartu-emon berezia sortzen da artistearen eta ikuslearen artean.

Kontuak kontu, Renoir: intmitatea erakusketan, artista frantsesaren 64 pintura batu ditue. Batzuk museo ospetsuetatik ekarritako piezak dira: Parisko Picasso museotik, Chicagoko Art Institutetik, Londresko National Gallerytik, New Yorkeko Metropolitanetik eta abar.

Hainbat zatitan banatu dabe erakusketea. Lehenik eta behin, erretratu batzuen bidez, Renoirren bizitzan eta estiloan sartzen da ikuslea. Ondoren, inpresionismoari bete-betean heldu eutsaneko obrak ikusi leitekez, 1870eko hamarkadakoak. Enkarguzko erretratuen atala dator gero, eta paisaiena segidan. Amaitzeko, bainularien marrazkiei beste atal bat emon jake, izan be, Renoirren obrako gai nagusietako bat da emakume biluziena.

Pierre-Auguste Renoir Limoges urian jaio zan 1841ean eta umetan Parisera joan zan bizi izatera, familiagaz. Gaztetan portzelana-lantegi baten lan egin eban eta orduan hasi zan bere talentua erakusten. 1860ko hamarkadan beste artista inpresionista batzuk ezagutu zituan eta, hasikeran diruz larri egon bazan be, artea laster bihurtu zan bere ogibidea.

1874an, historiako lehenengo erakusketa inpresionistako artistetako bat izan zan. Hain zuzen be, 19. mendearen amaierako artea goitik behera aldatu eban estilo horretako erakusgarri nagusietako bat da Renoir. Paisajeak eta erretratuak marraztu zituan gehienbat 1880 eta 1890eko hamarkadetan, eta asko bidaiatu eban. 1919an hil zan.

Erakusketea maiatzaren 15era arte egongo da Bilboko Arte Eder Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu