Musikea eta olgetea bat eginda Bilbon, Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta EOSen eskutik

Bizkaie! 2017-02-07 08:38   Musikea

Musika ari du ikuskizunaren emonaldi berezia egingo dabe zapatuan, zezeilak 11, BBK Salan. Ikastetxeentzako emonaldiak be egongo dira, hilaren 10etik 16ra.

EOSeko eta BBK Fundazinoko kideak, Porrotx pailazoagaz, ekitaldiaren aurkezpenean (argazkia: BBK Sala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Musika Ikasgelak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bat egin dabe Musika ari du ikuskizuna sortzeko. Musikea eta umorea buztartzen dituan emonaldia da, ondo pasetearen bidez umeen garapenean laguntzea helburu. Musikeak dauen garrantzia erakutsi nahi deutsie neska-mutilei.

Emonaldian, alde batetik, EOSen hari-laukote batek musikea joko dau: Oscar Lopez eta Igor Torre (biolinak), Arkaitz Martinez (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa). Xabier Zabala musikaria egongo da eurakaz batera. Hainbat konpositore ezagunen piezak joko ditue, esaterako, Ravel, Bach, Vivaldi, Schubert eta Andersonenak.

Musikariakaz batera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ospetsuak egongo dira oholtzan. Ia ordubeteko emonaldian, musikeagaz jantzan egingo dabe pailazoek eta jolas ugari proponiduko deutsiez umeei.

Zezeilaren 11n, zapatua, izango da Musika ari du ikuskizuna, publiko guztiari zuzendutako saio bitan: 17:00etan eta 18:30ean. Ganera, Bizkaiko ikastetxeetako neska-mutilentzako emonaldiak be egongo dira hilaren 10, 13, 14, 15 eta 16an. Emonaldi guztiak Bilboko BBK Salan izango dira eta antolatzaileek 1.500 ume baino gehiago batzea espero dabe, eskolentzako saio guztiak kontuan hartuta.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu