Jaurlaritzeak sarean ipini ditu 279 film eta 24 telesailen euskerazko azpitituluak
2017-02-06 09:59 ZinemeaNorbanakoek zein alkarteek modu librean erabili leikeez azpitituluak, Open Data gunean eskuragarri dagozan artxiboei esker.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak publiko orokorraren esku ipini ditu euskerazko azpititulu ugari, norbanako zein alkarteek modu librean erabili ahal izan daiezen. DTS enpreseagaz sinatutako alkarlanerako akordio baten bidez sortu ziran horreek azpitituluak, baina orain arte erabilera mugatua izan dabe. Aurrerantzean, jente guztiarentzat libre egongo dira, Open Data Euskadi gunean (hemen).
Guztira, 279 pelikulatako eta 24 telesailetako 225 ataletako azpitituluak dagoz eskuragarri. 2014an hasi zan DTSren eta Jaurlaritzearen arteko hitzarmena eta harrezkero sortu diran azpitituluak dira danak. Movistar eta Canal Plus plataformetan emon izan diran film eta telesailak dira.
Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak azaldu dauenez, behin lehenengo pausua eginda, bide honetan sakontzea da asmoa. Izan be, orain libre geratu diran azpitituluak akordioaren lehenengo urte bietan euskeratutako testuak baino ez dira. Laster hirugarren urtekoak (hau da, igazkoak) publiko egingo dituala aurreratu dau Jaurlaritzeak. Guztira, 548 film eta 67 serietako 600 bat kapitulu ditu azpititulatuak.
Azpitituluak interneten libre ipintearen helburua zera da, atzerriko hizkuntzetan sortutako film eta telesailak jatorrizko bersinoan euskeraz azpititulatuta ikusteko aukerea emotea. Orain dala urte batzuk sortutako Filmazpit programeari esker, film ugariren azpitituluak sortu dira euskeraz eta herritarren ekimenez be beste asko euskeratu dira (Azpitituluak.com da aitagarriena). Ba, aurrerantzean, herritarren eskura dagozan baliabideak nabarmen handituko dira.
Norbanakoei ez eze, euskerea edo kulturea bultzatu nahi daben alkarteei aukerea emon nahi deutse Jaurlaritzeak proiekzinoak antolatzeko. Euskera talde, ikastola, euskaltegi eta abarrentzat erabilgarria izan leiteke euskerazko filmen azpitituluak kostu gehigarri barik hartu ahal izatea. Azken finean, kulturea euskeraz konsumidutea errazten da. Beste alde batetik, gorren komunidadearentzat agiriko onurea dakar honek.
Alderdi teknikotik, azpitituluak .srt artxiboetan dagoz. Kontuan izanda gaur egungo zinemea, gehienbat, formatu digitalekoa dala, irudiei testua gehitzeko formatu egokia da hori. Erositako film digitalakaz azpitituluak sinkronizetea erraza da formatu horretan eta, Jaurlaritzeak dinoanez, batez be gazteen artean gero eta ohikoagoa da hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!