Euskal zinemagintzeak enpresa sare sendoa daukala dino IBAIAren ikerketa batek

Bizkaie! 2017-02-02 08:17   Zinemea

Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Alkarteak, IBAIAk, dinoanez, kalidade eta kantidade aldetik gora doan sektorea da. Enpresen sare horri eusteko deia egin dau.

IBAIAko arduradunak, datuak aurkezteko agerraldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Oscar, Goya eta zinemeagaz lotutako beste sari asko banatzen diran urte sasoia da hau. Hori aprobetxauta, IBAIAk euskal zinemagintzearen sektorearen egoerea eta gizartean dauen eragin sozioekonomikoa aztertu ditu, Ikertaldegaz egindako txosten baten. Sektoreko 70 enpresa baino gehiagotan egindako galdeketa zehatzak erabili ditue. IBAIAko arduradunek jentaurrean aurkeztu ditue ondorioak.

Ikus-entzunezkoen sektorea loraldian dagoala dinoe datuek, enpresen sare sendo bati esker. Euskal zinemagintzearen erdigunea 100 enpresa inguruk osotuten dabela ikusi dabe eta, 2010 eta 2015 urteen arteko emoitzak ikusita, jarduera ekonomiko handia sortzen dabe danen artean. Hartara, zinema produktoreak ez eze, horren inguruan zerbitzu osogarriak eskaintzen dituen enpresak be indartsu dagoz.

Urtero 60 miloe euro inguruko inpaktua sortzen dau sektorearen jarduereak Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori, 27 miloeko balio erantsia eta 800 lagunentzako enplegua da. Ganera, kantidadeagaz batera, kalidadea be gora doala dino IBAIAk agindutako txostenak. Izan be, kalidadeak onura komertzialak be badakarz, IBAIAko lehendakari Jose Portelak azaldu dauenez: Lehiakortasun eta autorpen handiagoa lortzen da holan.

Urtero, bataz beste, hamaika film luze egiten dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Horreetatik, lau edo gehiago izaten dira euskeraz. Bataz beste, animazinozko bi egiten dira urtean. 2010etik 2015era 66 film estreinau zituen bertoko ekoiztetxeek eta Espainiako zerrendan laugarren lekuan ipini dau datu horrek Euskal Autonomia Erkidegoa.

Lortutako sari eta izendapenak be aitatu ditu Portelak. Barriena, Teresa eta Galtzagorri filmaren Goya sarietako hautagaitzea. Bestetik, Loreak Oscar saria irabazteko lehian bete-betean egon zala gogoratu dabe IBAIAkoek.

Euskal zinemagintzea loraldi betean dala, diru-laguntzinoen auziak eztabaidea sortzen dau oraindino. Jose Portelak sektoreari emoten jakon babes publikoa beharrezkoa dala adierazo dau. Izan be, azterlanaren datuek erakusten dabenez, Jaurlaritzeak emondakoa baino diru gehiago bueltetan da. Ia lau miloe euroko diru-laguntzinoak jasoten ditu urtero sektoreak eta, zergatan, lau miloe eta erdi pagetan ditu. Sektorea bere baliabideak ondo kudeatzeko gai dala erakusten dau horrek, dino Portelak.

Edozelan be, euskal zinemagintzearen diru-iturriek azkenaldion izan daben beherakadearen erruz, sektorearen ardatza dan enpresen sarea desegiteko arriskua egon badago eta horregaitik kezkatuta be badagoz IBAIAkoak. Sektorea babesteko ahalegina eskatu dau alkarteak. Besteak beste, foru aldundiei dei egin deutse, zerga pizgarrien sistema bat indarrean ipini daien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu