Ander Etxaniz eta Luz Estefania artisten obrak, Batzar Nagusien egoitzan

Bizkaie! 2017-02-01 13:34   Kulturea

Martiaren 3ra arte ikusi ahal izango da Ago-txilci izenburuko erakusketea, Bilbon Bizkaiko Batzar Nagusiek daukien egoitzan. Hogei koadro inguru dira.

Luz Estefania azalpenak emoten, Ander Etxaniz, Joseba Eskubi eta Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui begira dagozala | Ikusi handiago | Argazki originala

EHUren eta Batzar Nagusien arteko lankidetzeari esker, urtero Arte Eder Fakultadeko artista gazteen hainbat erakusketa ipinten dira Bilboko aretoan. 2017ko lehenengoa da Ago-txilci izeneko hau. Ander Etxanizen eta Luz Estefaniaren koadroak aurrez aurre ipini ditue, bien estiloen arteko alkarrizketa artistiko bat izango balitz legez.

Erakusketearen aurkezpenean azaldu dabenez, paisajeagaz lotutako emozinoak modu ia geologikoan lantzen ditue Etxaniz oñatiarrak eta Estefania errioxarrak. Batzar Nagusietan ikusgai dagozan hogei koadroetan, kolore okreak, arreak eta grisak dira nagusi.

Joseba Eskubi artista eta irakaslearen esanetan, Ander Etxanizen pinturek lerroen, planoen eta egituren sare fina osotuten dabe, koadroaren barruko erritmoa sortuz eta sensazinoen moltsoa eregiz. Galdera barrietarako bilakaerea ikusten dau Eskubik Etxanizen koadroetan.

Luz Estefaniaren margolanak, ostera, enpastez eta higaduraz egindako mapa baten bitartez sortzen dirala dino Joseba Eskubik. Detailez betetako geografia baten barruan, alkarren kontra joten daben planoak sortzen ditu Estefaniak. Denporeagaz, artista honen lanek sinplifikazinora jo dabe.

Bizkaiko Batzar Nagusien helburua da, Bizkaian formakuntzea jasotako artista gazteei bozgorailua eskaintzea, uriaren erdigunean bertan (Hurtado Amezaga kalean dago erakusketa-aretoa). Ago-txilci erakusketea martiaren 3ra arte ikusi ahal izango da han, astegunetan goiz eta arratsaldez eta zapatuetan goizez. Sartzea doban da.

2017/02/01 - 2017/03/03

Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu