Sorkuntza digitalaren erdigune izango da Bilborock, hilaren 6tik 11ra
2017-02-01 12:06 KultureaCaostica taldeak antolatu dau IV. Tracking Bilbao ekimena. Tailerrak, ikuskizunak, topaketak eta abar egongo dira, internetegaz lotutako kulturea ardatz.
Gazteak izango dira Tracking Bilbao ekimenaren 4. edizinoko hartzaile nagusiak. Izan be, belaunaldi barrientzat ohikoa da astialdia eta kulturea internet bidez jasotzea. Eguneroko tresnea bihurtu da sarea gizartean, batez be gazteen artean. Behar horri erantzunaz sortu eban Caosticak Tracking Bilbao eta aurten laugarren urtea beteko dau.
Kulturea zabaltzeko bide barriak aztertzea da gure asmoa, azaldu dabe Caosticako Juanek eta Iñigok. Eurak arduratu dira ekitaldi guztiak aurkezteaz, Bilborocken egindako ekitaldian. Bilboko Mesedeetako zubiaren alboan dagoan gune horretan izango dira Tracking Bilbaoko ekitaldi guztiak, zezeilaren 6tik 11ra.
Makina bat jarduera antolatuko dira, interneteko sorkuntzea eta sareko astialdia ardatz. Internetek kultureari lotutako beste astialdi bat ekarri dau, dinoe Caosticakoek. Adierazpen kultural eta urbanoen nahasketea izango da, sormen digitalaren ikuspegitik, adierazo dau Oihane Agirregoitia Bilboko zinegotziak. Hain zuzen, Bilboko Udalak lehenengoz parte hartuko dau aurten Tracking Bilbaon. Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Caosticaren alboan egongo da Udala, babesle legez.
Uriko gazteakaz egindako lanketa baten ondorioz sartu da Udala Tracking Bilbaoren antolakuntzan, Agirregoitiak azaldu dauenez: Gazteen astialdi aukerak zabaldu nahi izan doguz eta galdeketak egin doguz, gazteen eretxia jakiteko. Honelako ekimen bat beharrezkoa dala ikusi dogu. Ganera, ekitaldi asko gauez izango dira eta gaueko ikutu hori be ondo etorriko dala uste dau zinegotziak.
Zezeilaren 6tik 10era, ikastaro berezia egongo da, ikus-entzunezkoen arloko ikasleentzat, EHUren laguntzinoagaz. Sarean egiten dan umorea landuko dabe, goi mailako gidoilari, umoregile zein produktoreen eskutik. Matrikulea ordaindu behar da parte hartzeko. Tracking Bilbaoko ganerako jarduerak dobakoak dira.
Besteak beste, mahai-inguruak, proiekzinoak eta master class-ak dagoz egitarauan. Interneterako sormen lan arrakastatsuak egin dituen autoreak izango dira gidari. Esaterako, David Sainz eta Teresa Segura, Fogueo filmaren egileak. Javier Calvok eta Javier Ambrossik, bestalde, hainbat sari irabazi ditue, Paquita Salas websailari esker. Euskal sortzaileen artean, Bocabeats-en emonaldia aitagarria izango da: Beat box teknikea, euskerazko bakarrizketak eta beste hainbat sorpresa erabilten ditu bere ikuskizunetan. Youtuberren fenomenoa boladan dago gazteen artean eta Tracking Bilbaon ez dira faltauko.
Zezeilaren 10ean eta 11n, #BilbaoGazteNight egingo da, Bilboko Udalaren ekimenez aurten lehenengoz egingo dan topaketea. Caosticako arduradunek azpimarratu dabenez, Bilborockeko areto eta gune guztiak hartuko ditue, dozenaka ekitaldiren bidez. Maratoi kultural interaktiboa izango da. Besteak beste, youtuberren arteko ikus-entzunezko gudak, DJak, kontzertuak, proiekzinoak, karaokea eta ikuskizun bereziak dagoz iragarrita.
Izenak berak dinoanez, gauez izango da #BilbaoGazteNight. Ateak 20:00etan zabalduko dira gau bietan eta gauerdia ondo atzean itxi arte hainbat jarduera egongo dira Bilborockeko areto bakotxean, gazteek gustukoenak aukeratu daiezen. Tracking Bilbaoko ganerako egunetan, arratsalde eta iluntze partean egingo dira jarduera gehienak.
Bilborock goitik behera beteta ikusi daigula, eskatu dau Oihane Agirregoitiak ekitaldien aurkezpenean. Neurri honetako topaketa bat antolatzeko, erakunde publikoen eta pribaduen arteko alkarlana egon dala azpimarratu dau zinegotziak. Ganera, Bilboko Udalak parte hartzen dauen lehenengo urtea dan ezkero, feedbacka bilatuko dau Tracking Bilbao amaitu eta gero, erabiltzaileen eretxia ezagutu eta hurrengo edizinoetan hobekuntzak sartu ahal izateko.
Egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!