Euskal artearen inguruko gogoetea egin dau Ismael Manterolak
2017-02-01 09:39 KultureaMaite ditut maite, transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean saiakeran, arteak gurean izan dauen bilakabidea jorratu dau Manterolak. Edo argitaletxeak plazaratu dau lana.
Historialaria eta artean aditua da Ismael Manterola gipuzkoarra eta azterlan sakona egin dauen arren, artea urrunetik bizi dabenentzako liburu aproposa izatea be nahi izan dau. Joxean Artzek idatzitako poeman oinarrituta dago saiakerearen izenburua. Izan be, euskal artearen izen handien atzean, lanbroak ezkutatutako errealidadeak aztertzen ahalegindu da.
Funtsean, 20. mendean Euskal Herriko arteak izan dauen bilakaerea aztertzen dau Manterolak saiakera honetan. Ikuspegi kritikotik egin dau analisia eta, batez be, artea transmititzeko orduan erabili diran bideetan zentrauta.
Modernidadearen eta tradizinoaren arteko hartu-emona, etikearen eta estetikearen arteko loturak, artearen sistemearen funtzinoak... hainbat alorretan euskal arteak joan dan mendean izan zituan ezaugarriak aztertu ditu Manterolak. Orain arte lanbro artean egon dan historia hori garbiago ikusteko bide bat da Maite ditut maite, transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean. Abiapuntua, gai horretaz jakin nahi dauenarentzat, edo sakondu nahi dauenarentzat.
Izan be, lanbro artean ezkutatutako alderdi asko daukaz euskal arteak: Emakume artista askoren barri ia ez daukagu, esaterako. Lurraldetasuz, hizkuntzaz, hezkuntzaz eta abarrez be gogoetak egin ditu Manterolak. Horreek guztiak zehatzago azalduko ditu jentaurrean gaur, zezeilak 1, Bilboko Anti liburudendan aurkezpena egingo dau eta, Haizea Barcenillak eta Xabier Gantzarainek lagunduta. 19:30ean hasiko da ekitaldia.
Edo argitaletxeak plazaratu dau liburua. Aran Santamariak diseinautako azal deigarri batek emoten deutso ondoetorria irakurleari. Ismael Manterolaren lana biribiltzeko, ganera, hitzostea idatzi dau Xabier Gantzarainek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!