Laugarren diskoa plazaratu dau Nevermind Triok

Bizkaie! 2017-02-01 08:31   Musikea

Onena heltzear dago diskoan (Errabal) jazz garaikidea landu dau hirukoteak baina, etiketen ganetik, euren estiloa sortzen ahalegindu dira.

2010ean argitaratu eban lehenengo diskoa Nevermind Triok (People izenekoa), eta harrezkero, taldearen bilakaerea ez da geratu. Dagoeneko, laugarren diskoa atera dabe, Onena heltzear dago, hirukotearen esentzia agerian ixten dauen lana. Etiketak jartzen hasita, jazz garaikidetzat jo leiteke diskoaren estiloa baina, izatez, musika hutsa da, hirukotearen arabera. Ohikotasunetik ihesean, musika edegi eta zintzoa da, dinoe musikariek.

Hirukotearen ohiko kideek parte hartu dabe disko honetan. Batetik, Julen Izarra saxo tenorearen eta sopranoaren lanaz arduratu da. Bigarrenik, Jorge Abadiasen esku egon da gitarra elektrikoa. Azkenik, Hasier Oleagak jo ditu bateria eta perkusinoak. Abestien konposizinoaz Abadias eta Oleaga arduratu dira gehienbat.

Hortaz, diskoko abestietan ez dago baxurik eta beste baliabide batzuk arakatuta orekatu behar izan dabe hutsune hori. Abesti batzuk dira salbuespena, Juan Pablo Balcázar baxu-jolearen kolaborazinoa izan dabe eta. Bestetik, Escandaloso Expósito zaragozarrak kolaborau dau Manías mías kantan.

Euren bereizgarri izango dan soinua sortzea izan da Nevermind Trioren asmoa. Taldekide bakotxak bere nortasunaren zati bat itxi dau Onena heltzear dago proiektuan. Hasikeratik jazza izan da hirukotearen oinarria eta disko honetan be holan da, baina beste estilo batzuen ikutuak ahaztu barik. Sailkatzen gatxa dan estiloa da eurena, taldekideen esanetan.

Nevermind Trio 2009an sortu zan eta bersino ugari egin zituan hasikeran, esaterako Nirvanaren Nevermind diskoko abestienak (hortik hirukotearen izena). Denporeagaz, baina, euren kantak sortzen hasi ziran. Onena heltzear dago diskoan, abesti guztiek eurek sortutakoak dira. Behin diskoa kalean dala, zuzenekoetan entzun ahal izango dira Nevermind Trioren doinuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu