'Kultura esentzian' izenburupean batu dau Bilboko Udalak urteko programazinoa

Bizkaie! 2017-02-01 08:05   Kulturea

Kultureagaz lotuta urian egiten diran ia ehun ekitaldi batu ditue agenda barri horretan. Kalidadearen aldeko apustua dala dino Bilboko Udalak.

Xabier Otxandiano eta Nekane Alonso zinegotziak | Ikusi handiago | Argazki originala

Agenda horretan batu dituen ekitaldi kulturalak, Bilboko Udalak edo Udalagaz loturea daukien erakundeek antolatzen ditue. Besteak beste, Bilbao 700 Fundazinoak, BilbaoMusikak, BilbaoArtek eta Azkuna Zentroak parte hartu dabe. Bertoko eta kanpoko eragileak batzen dituen ia ehun jarduera dira, 2017ko hil guztietan eta uriko zortzi barrutietan egingo diranak.

Nekane Alonso eta Xabier Otxandiano zinegotziek Kultura esentzian agendearen aurkezpenean adierazo dabenez, edade guztientzat aproposak diran ekitaldiak sartu ditue egitarauan. Ganera, ekintza gehienak dobakoak dira. Zinema edo literatura jaialdietatik hasi eta lehiaketa zein tailerretaraino, danetariko eskaintzea dagoala dinoe. Astialdia eta kulturea buztartzea da asmoa, uritarrentzat zein bisitarientzat erakargarria dan era baten. Kalidadea indartzearen aldeko apustua egin dabela dino Udalak.

Agendea bera, sei atal nagusitan banatu dabe. Bilbori sormenezko lurrina dario; Abangoardia eta tradizio usaina duen nahastura; Jaialdiak, Bilboren funtsaren funtsa; Ezagutza tantak, milaka ñabardurarekin; Hiria aisiaz betetzen duten usain gozoko dosiak; eta Barruti bakoitzari bere lurruna dario izenburu deigarriak ipini deutsiez atalei, esentzien munduari keinua eginaz.

Kapitulu bakotxak, alor bateko ekitaldiak batzen ditu eta, ganera, Bilboren ezaugarriak azpimarratzen ditu. Esate baterako, Bilbori sormenezko lurrina dario izenekoan, gogoratzen da Bilbo uri edegia dala sormenerako zein arlo guztietako produkzinoetarako. Eta horregaz lotuta, sorkuntza artistikoagaz lotutako hainbat jarduera batzen dira.

Ekitaldien datuez gan, informazino osogarria sartu dabe Kultura esentzian gidan. Esate baterako, kultureagaz lotutako egoitzen zerrendea dakar eta baita informazino kultural eguneratua jasoteko beste bide batzuen barri be.

Agendearen 15.000 ale argitaratu dira, euskeraz eta gaztelaniaz. Barrutietako udaltegietan, udal informazino bulegoetan, liburutegietan eta eragile kulturalen egoitzetan eskuratu leiteke. Bersino digitala be badago (hemen). Eta agendea zabaltzeko, bideoprogramea egin dabe (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu