Euskal Meatzaritzearen Museoak 16.000 bisitari izan zituan igaz

Bizkaie! 2017-01-31 09:36   Kulturea

Aurreko urtean baino jente gehiago hurreratu da Gallartako museora 2016an. Bisitari gehienak bizkaitarrak izan dira.

Museoaren kanpoaldea (argazkia: Euskal Meatzaritzearen Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Meatzaritzearen Museoko arduradunak pozik dagoz 2016ak emondako datuakaz. Guztira, 16.231 bisitari hartu zituan igaz museoak, 2015ean baino mila gehiago. Datuok errekorra dirala dinoe bertako arduradunek.

Urria izan zan hilerik jentetsuena, 1.844 bisitari egon ziran eta. Udan, ostera, jente gitxiago hurreratu zan museora, batez be abuztuan. Izan be, Bizkaiko beste museo batzukaz jazoten danaren kontrara, Meatzaritzearen Museoko bisitari gehienak ingurukoak izaten dira, eta ez oporretan etorri diran kanpotarrak.

Kontuan izan behar da, 2016an, 13.696 bisitari bizkaitarrak izan zirala, hau da, bisitari guztien % 80 baino gehiago. Kolektiboen artean, Bizkaiko eskola-umeak dira ugarienak (4.413), ikastetxeetatik antolatzen diran bisitaldien eraginez.

Erakusketa iraunkorragaz batera, barrenadoreen tailerrak arrakasta handia izan dau 2016an. Meatzeetako barrenadoreen lana erakusten dauen lantegi hori 2012tik eskaintzen dabe museoan. Bestetik, behin behineko hiru erakusketa egon ziran igaz Gallartako instalazinoetan. Horreetatik, Trianoko trenbidearen 150. urteurrenaren harira antolatutakoa izan zan jentetsuena.

Abanto-Zierbena udalerriko Gallarta auzoan dago Euskal Meatzaritzearen Museoa. Oihane Uribelarrea zuzendariaren ustez, museoa astialdirako plan egokia bihurtu da familia, bikote eta lagun-taldeentzat. Jokera hori datuetan igarri dabela dino Uribelarreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu