Panda hartzaren salbazinoa (I)

Zigor Aldama 2017-01-31 08:37   Bidaide

Legez kanpoko kazeak eta neurri bako urigintza prozesuak eraginda espeziea desagertzeko arriskuan egon ondoren, munduan jente gehien bizi dan herrialdeak panda hartza jagoten jakin izan dau.

Sartzeko seguridade neurriak substantzia sano arriskutsuak dagozan laborategietakoak emoten dabe. Gobernuaren sail bat baino gehiagoren parte-hartzea dauen prozesu luzearen ondoren, kasuan kasuko baimena eskuratuta, lehenengo eta behin eskuak ondo garbitu-desinfektau eta burutik oinetara plastikotan sartzea da oinarrizko neurria: babutxak, eskularruak, maskarea eta txanoa. Hortik aurrera, lekuko behargin batek lagunduta, hormigoizko eraikinaren ateak zabaldu eta instalazinoen barrualdera eroaten zaitue, bunker eraldoi baten antza dauen lekura, hain zuzen be. Baina ez gagoz zentral nuklear batean, ezta militarren egoitza batean be, Txinako Sichuan probintzian, Chengduko Panda Hartzaren Ikerketa eta Ugalketarako Zentrua da.

Egun berezia da eta urduritasuna erraz atzemoten da giroan. Beste aldean ehundaka lagun eta Txinako telebista kate desbardinetako beharginak dagoz kamera edota eskuko telefonoakaz momentua hartzeko prest. Zentruko biologo eta adituak munduari eakutsiko deutsiez berehala Txinako panda hartzaren iraunarazpenerako politiken emoitzak: 2016. urtean, inoizkorik jaiotza kopururik handiena izan da (danetara, 23 izan dira eta lehenengoz aurkeztuko ditue alkarregaz) eta libre dagozanak be 2.000 inguru dira. Lorpen handia da, izan be, 1980ko hamarkadan edo mila baino gitxiago egozan. Publikoak txaloka eta txilioka hartu ditu beharginak eta estropozu eginda agertu dan pandakume bat. Irudia mundu osoan ikusi da.

UICN, Naturearen Iraunarazpenerako Nazinoarteko Batasunak Desagertzeko arriskuan dagozan espezien zerrendatik kendu eta mehatxu mailearen zerrendan apur bat beherago dagoan Ahulak kategorian sartzea erabagi dau. Arrazoia matematikoa da: azken hamarkadan % 17 igon da panda hartzen populazinoa eta orain arteko jokereari eutsita, ez dagoala bildurrik esan dabe adituek. Pandakumeen jarraipen eta ikerketaz arduratzen dan biologo gaztea dan Chen Yin-ek azaldu dauenez, Pozarren gagoz, iraunarazpen politika egokiak sano itxaropentsuak diralako arriskuan dagozan espezien kasuan; Txinak lan handia egin dau horretan eta beste herrialde eta erregio batzuetara be zabaldu beharko litzateke mehatxu eta arrisku handia daben beste pizti batzuen egoerak hobetzeko.

Duda barik, estadistikak zein aditu asko alde ditu. 50 urtean panda hartza iraunarazpenaren eredu izan da munduan, baita gure erakundearen sinbolo be adierazo dau ONG WWF erakundeko zuzendari nagusi Marco Lambertini jn.ak. Pizti hau desagertzeko arrisku txikiagoa dagoala jakitea oso emozionantea da fauna basatia eta euren bizitokiari eusteko kontzientzia dauenarentzako. Eta argi erakutsi dogu zientziak borondate politikoagaz bat egiten dauenean eta lekuan lekuko erakunde eta taldeakaz lan egiten danean, animaliak salbau eta bioaniztasunari eustea errazagoa da zehaztu dau.

Egia esan, legez kanpoko kazeak eta neurri bako urigintza prozesuak eraginda espeziea desagertzeko arriskuan egon ondoren, munduan jente gehien bizi dan herrialdeak panda hartza jagoten jakin izan dau, altxor nazionalari eta bakearen ikur dan espeziea jagoten jakin izan dau. Baina ez da erraza izan. Zentruko museoan zehatz adierazota dagoz Alderdi Komunisteak emon dituan pausuak: lehenengo eta behin piztiaren habitata edo bizilekua babestu; izan be, Sichuaneko banbu baso emonkorrenetan dagoz libre bizi diran % 80 panda inguru eta horri esker errazagoa izan da neurriak ezartzeko ingurualdea mugatzea.

Baina ez da nahikoa panda hartzen bizilekua dan inguruaren % 65 erreserba natural izentetea; pausu ona da baina ondoren aitatu babes hori jagoten jarraitu behar da. Eta hori Txinak ondo egin dau, garapen bidean dagozan beste herrialde batzuetan ez bezela, izan be, isileko kazeruak bat datoz ustez euren kontra egin beharko leukien agintariakaz adierazo dau Fan Zhiyong-ek, Txinan WWF erakundeko Espezien Babeserako programako zuzendariak. Bitxia emoten badau be, batzuetan militarrak be ibili dira parke nazionalak babesten.

Horrezaz gan, lekuan lekuko bizilagunen babesik barik ez dagoala zereginik jakinda, Gobernuak nekazaritza giroko lagunak be nahastau ditu panda hartzen babes sisteman eta, horretarako, diru-iturri interesgarria diran korridore bereziak eta turismo ekologikoko programak abiarazo ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu