Cristobal Balenciagaren lehenengo dendearen mendeurrena ospatuko dau museoak
2017-01-31 08:10 KultureaDonostian zabaldu eban lehenengo dendea Cristobal Balenciaga moda-diseinatzaileak 1917an. Mendeurrenaren atxakian, ekitaldi ugari antolatu ditu Getariako Balenciaga museoak.
Urte biribila izango da 2017. hau Cristobal Balenciagaren ondarea erakusteaz arduratzen dan Balenciaga museoan. Izan be, ehun urte beteko dira Getariako diseinatzaile ospetsuak bere lehenengo dendea zabaldu ebala. Ganera, Parisen zabaldu eban lehenengo dendatik 80 urte datoz aurten.
Efemeride horreei lotuta, ekitaldi ugari antolatuko dira aurten Getariako museoan. Cristobal Balenciaga, sortzailea ez eze, ekintzailea izan zala azpimarratuko dabe egitarauaren bidez. Izan be, Donostiako dendea izan zan Balenciagaren ibilbide arrakastatsuaren abiapuntua. Getarian eta Donostian izango dira jarduera nagusiak, baita eremu birtualean be.
22 urte eukazala zabaldu eban lehenengo negozioa Cristobal Balenciagak. Agirien arabera, Donostiako Bergara kalean ipini eban dendea. 1930eko hamarkadara arte izan zituan negozioak Donostian, Parisera aldatu zan arte. Goi mailako diseinatzailea zala, 1937an heldu zan Frantziako uriburura. 1950eko eta 60ko hamarkadetan, munduko diseinu-etxerik entzutetsuenetako bat bihurtu zan Balenciagarena, Parisko tailerra erdigune zala.
Mendeurrena gogoratzeko urtean zehar museoak egingo dituan ekitaldien artean, erakusketa monografiko bat da aitagarriena: Collecting elegance, Rachel L. Mellon´s legacy izenburupean, Balenciagaren jantzien bildumarik osoenetako bat ikusi ahal izango da. Rachel Mellon AEBetako aberatsak Balenciagari erositako jantziak dira bilduma horren oinarria.
Balenciaga museoaren areto guztiak hartuko ditu erakusketa monografiko handi horrek, maiatzaren 27tik 2018ko urtarrilaren 25era bitartean. 90 jantzi ez eze, osogarri ugari eroango ditue Getariara (argazkiak, bozetoak...). Pieza batzuk museoarenak diran arren (Mellonek berak dohaintzan emondakoak, hil aurretik), gehienak ez dira inoz jentaurrean erakutsi.
Diseinatzailearen nortasun ekintzailea nabarmentzea izango danez 2017ko helburuetako bat, Balenciaga museoak ekimen barri bat ipiniko dau martxan: Cristobal Balenciaga Museoa I. Eskola dalakoa, hain zuzen. Modeagaz lotutako ekintzailetzea landuko da tailerrotan. Profesionalei zuzendutako jarduerea izango da eta urtero antolatzea da asmoa.
Getariako museoak ez eze, munduko beste gune artistiko batzuek be gogoan izango dabe Cristobal Balenciaga aurten. Esate baterako, Parisko Palais Galliera eta Londresko Victoria & Albert museoek, Getariako diseinatzailearen ganeko erakusketak hartuko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!