Mikel Gurrearen 'Soka' antzezlana estreinauko da eguaztenean

Bizkaie! 2017-01-30 11:43   Kulturea

Donostiako Victoria Eugenia antzokian ikusi ahal izango da lehenengoz Soka. Eskola jazarpenaren inguruan gogoetea bultzatzea da antzezlanaren asmoa.

Argazkia: Donostia 2016 | Ikusi handiago | Argazki originala

Mikel Gurrea donostiarrak sortu dau obrea, Antzerkigintza Berriak programearen barruan. Tanttaka konpainia, Victoria Eugenia antzokia eta Donostia 2016 izan dira produktoreak. Eguaztenean estreinauko daben piezea Fernando Bernuesek zuzenduko dau eta protagonista nagusiaren papela Iñaki Rikarte aktoreak beteko dau.

Igor gimnasia irakaslea da Soka-ko protagonistea. Egun baten, 11 urteko ikasle baten gorpua topauko dau, soka bategaz bere burua urkatuta. Ingurukoek Igorri leporatzen deutsie gertatutakoa eta horrek benetan pasau zana ikertzera bultzatuko dau protagonistea. Bide horretan, erruaren eta erantzunkizunaren inguruko gogoetea egiten dau.

Obra honen bidez, eskola jazarpena jasaten daben guztiak, hareen senideak eta arazoari aurre egin nahian dabilzanak gogoan hartu nahi izan ditue, antzezlanaren bultzatzaileek azaldu dabenez. Gogoetara bultzatu nahi ditue ikusleak, baina ondorio eta erantzun zehatzik emon barik.

Euskeraz sortu dau Gurreak Soka, eta hizkuntza horretan izango da estreinaldia, zezeilaren 1ean, 20:00etan. Sartzea doban izango da, baina gonbidapena hartu behar da lehenago Victoria Eugenia antzokiko lehiatilan. Gaztelaniazko bersinoa zezeilaren 9an estreinauko da, Donostian bertan, dFeria arte eszenikoen jaialdiaren barruan. Ondoren, Soka beste herri batzuetan be emoteko asmoa dago.

Antzerkigintza Berriak Donostia 2016k bultzatutako programea da, Donostiako Victoria Eugenia, Gasteizko Principal eta Bilboko Arriaga antzokiakaz alkarlanean. Idazketa dramatiko propioa sortzea, ahots eta testu barriakaz, hori da helburua, Donostia 2016ren esanetan.

Mikel Gurrea, ostera, ikus-entzunezkoetan ibilten dan sortzailea da. Bartzelonan eta Londresen ikasi eban eta nazinoarteko hainbat jaialditan erakutsi dira bere lanak. Antzerkigintzan Soka dau lehenengo lana. Antzerkigintza Berriak programearen bekeari esker sortu ahal izan dau eskola jazarpenaren inguruko lan hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu