Laster helduko da zinema-aretoetara 'Teresa eta Galtzagorri'

Bizkaie! 2017-01-27 09:54   Zinemea

Teresa eta Galtzagorri, Goya Sarietara izentautako film familiarra da eta zezeilaren 3an estreinauko da euskeraz eta gaztelaniaz.

Donostiako, Sevillako eta Logroñoko festibaletatik pasau ostean, zezeilaren 3an zinema-aretoetara helduko da umeei zuzenduta dagoan animazinoko filma, Teresa eta Galtzagorri. Adiskidetasunaren magia. Hori 2017ko Goya Sarien gala baino egun bat lehenago izango da eta hor zintea Animazinozko Pelikula Onena kategorian dago izentauta.

Ganerako hautagaiakaz lehiatzea ez da erraza izango (Ozzy, Capitán Arañarena, S.L., Arcadia Motion Pictures, Pachacamac, A.I.E., BD Animation eta Psiconáutas, los niños olvidados, Zircozinerena, S.L., Basque Films, S.L., Abrakam Estudio, La Competencia Producciones), baina Ricardo Ramónek, filmaren produktore eta Dibulitoon Studioko kide fundatzaileak, ziurtatu dau izendapena bera be sari handia da eta uste dot hiruretako edozeinen artean egon daitekeela. Gure filmaren puntu indartsua da, duda barik, daukan gidoia, izan be, arreta berezia jarri dogu hor.

20 urte baino gehiagoko jarduera profesionala eta gero, produktore euskalduna sano ilusionauta dago lan honegaz: Aurkeztu dogun festibaletan oso harrera ona izan dau (Donostiako Zinema Fantastiko Festibala, Sevillako Zinema Festibala, Logroñoko Actual Festibala) eta espero dot zinema saletan harrera hori bardin antzekoa izango dala.

Agurtzane Intxaurraga (liburu bilduma homonimoaren egilea) polifazetikoak zuzendua, filma infantila da, honen egileek esaten daben legez, baina gurasoentzako mezu argi bat be badauka; duda barik, familian ikusteko filma da, izan be, Intxaurragak lehen aldiz egin ditu animazinozko pelikula baten zuzendari lanak, bere lanagazko pasino handia transmitiduz bai eta bere esperientzia personalaren zati bat be; Uste dot bakotxak egiten dituan proiektu guztietan, beti norberarengandik asko emoten dauela. Niri gitxienez ezinezkoa egiten jat proiektuakandik distantzia hartzea, horreekaz batera zirrarea sentidu behar dot, ondoren antzeko pasinoa transmitidu ahal izateko.

Teresa eta Galtzagorri personaia biren istorioa da, 6 urteko neska bat eta iratxo bat; mundu desbardinetatik etorritakoak badira be, benetako laguntasunaren balorea topauko dabe eta honek dakarren guztia. Hau egiteko abentura dibertigarri bat biziko dabe alaitasuna, suspensea eta emozinoz beteriko amaierea ez dira faltako.

Filmaren gidoilaria, Juan Luis Carreras, lan honegaz oso pozik dago, izan be, publikoari pasinoa eta barrea eragingo deutsozan istorio bat kontetea lortu dau bere ustez. Pelikulatik nabarmentzen dauena da hizkuntza oso aktuala, Disneyko istorio idealizatuetako prototipotik oso desbardina, hortik iges egin nahi izan dabelako; Filmaren gidoia enkargau eustienean baldintzetako bat izan zan, personaiek erabiliko eben hizkuntzea arrunta izatea eta gaur egun umeek erabilten dabenaren ahalik eta antzekoena, publiko infantilarengana era errazagoan heltzeko, filma umeentzako dalako. Rollito Guay abestiaren letrea be oso aktuala da, Joseba Beristain musikagileak sortutako soinu bandearen kantu zentrala. Berak abestia zehazteko esaten dau: alaia eta gogoraerraza, ñoñoa ez dan hizkuntza bategaz baina umeakana erraz helduko zana, izan be, azken finean, eurentzako da filma.

Barton Films etxeak banatuko dau eta hasieran pelikuleak 35 kopia izango ditu, Euskadiko zinema-areto nagusietan banatuko diranak. Emonaldi gehienetan euskeraz proiektauko da, Estaduko ganerako lekuetan legez. Ondoren, filmak bere ibilereari ekingo deutso panorama internazionalean, eta lehenengo geldialdi garrantzitsuenetako bat Canneseko Zinema Festibal Internazionala izango da.

Teresa eta Galtzagorri filmak ETBren partaidetzea dauka, baina Eusko Jaurlaritzako Luzemetraiak
Produziduteko diru-laguntzinoa, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Espainiako Ministeriotik be joan jako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu