Dantza Plazetan programea abiatuko da Bilbon asteburuan
2017-01-27 08:38 KultureaErromeria tradizionalen, jantza erakustaldien eta kalejiren zikloaren 16. edizinoa da. Lehenengo saioa Santiago plazako erromeria izango da, zapatuan 20:00etan.
Euskal folklore herrikoia bultzatzea eta kalera ateratzea da Dantza Plazetan zikloaren helburua, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Jantzariek ikusleak animetan ditue saioaren parte izatera eta, holan, herritarrak parte-hartzaile aktibo bihurtzen dira.
Orain hasi eta urte guztian martxan egongo dan programa honetan, 49 emonaldi aurreikusi dira, Bilboko hainbat auzotan. Horretarako, Udalak uriko zazpi jantza talderen laguntzinoa izango dau: Deustuko Folklore Taldeak, Salbatzaile, Bihotz Alai, Gaztedi, Ibai-Arte, Ondalan eta Beti Jai Alai. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak be laguntzen dau.
Egitaraua zapatuan, urtarrilak 27, hasiko da, Zazpi Kaleetako bihotzean dagoan Santiago katedralaren plazan. Salbatzaile jantza taldeak zapatuetako ohiko erromeria antolatuko dau bertan, 20:00etan. Urte guztian, hileko azken zapatuan erromeria egingo dabe Santiago plazan.
Zezeileko egitaraua be ondo zehaztuta dago. Batetik, erromeria bi egongo dira hilaren 18an. Bestetik, Ondalan konparseak erraldoi eta buruhandien kalejirea egingo dau 19an Deustuan. Egun berean, Bihotz Alai Folklore Taldearen erakustaldia egongo da San Felizisimon. Urtero hutsik egiten ez daben hitzorduen artean, bagilaren 10eko Larrain Jantzea aitatu behar da eta baita Arriaga plazatxuan udan egingo diran erakustaldiak be.
Beste alde batetik, Dantza Plazetan programeak umeentzako jarduera bereziak izango ditu aurten. Martiaren 4an, txikien kalejirea egingo dabe Santutxuko kaleetan. Bagilaren 25ean, ostera, tradizinozko bihurtu dan umeen jantza erakustaldia egingo dabe Basurtuko Aita Donostia plazan.
Dantza Plazetan zikloko hitzorduen agendea, hemen. Ganera, Bilboko Udalak bideoa be plazaratu dau, egitarauaren laburpen bategaz, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!