Bizkaian topautako Historiaurreko aztarnak, Arkeologi Museoan ikusgai

Bizkaie! 2017-01-26 08:22   Kulturea

Bilboko Mallonako Galtzadetako museoan, apirilaren 30era bisitau ahal izango dira indusketetan topautako 15 objektu, esaterako, kobazuloetako hartz baten buruhazurra.

Raneroko hartz emearen buruhazurra (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzera begirakoa: Museoaren atzealdea izenburuko erakusketan, azken lau urteotan banaka-banaka erakutsi diran 14 pieza dagoz, Museoa aztarnaz aztarna programan erakutsi diranak hain zuzen. Horreekaz batera, aurretik publikoari sekula agertu bako beste pieza bat be badago, Ursus deningeri espezieko hartz eme heldu baten buruhazurra.

Orain dala 100.000 urte desagertu zan Ursus deningeri hartza. Kobazuloetako hartz ospetsuaren aurrekaria da espezie hori. Bilbon erakutsiko dana, Iberiar Peninsulan osorik agertu dan espezie horretako buruhazur bakarra da. Karrantzako Ranero kobazuloan topau eben piezea.

Ganera, Bizkaiko antxinako fauneagaz lotutako beste hainbat aztarna batu ditu Arkeologia Museoak erakusketarako. Esate baterako, Kortezubiko Lezika koban orain dala 130.000 urte hildako errinozeronte baten mokor-hazurra.

Gizakien aztarnei jagokenez, sasoi ugaritako objektuak dagoz. Orain dala 5.000 urte Sopuertako Lacilla koban egindako taldekako ehorzketa bateko aizkorak ikusi leitekez eta baita antxinako hilarriak be. Oraintsuagoko denporetako piezen artean, IV. mendeko txanponak eta XIII. mendeko Ereñozarko gazteluko ezproiak dagoz. Denporearen kapsulen moduan, beste aro batzuetan bizi izan ziran gizakien bizimodua eta pentsakerea ulertzeko bidea dira aztarnok, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez.

Bizkaiko Arkeologia Museoa arduratzen da Bizkaian topautako aztarna arkeologikoak batu, aztertu eta konserbeteaz. Material gehiena biltegietan gordeten da eta lantzean behin baino ez jako jenteari erakusten. Urte honeetan jasotako 14 objektu horreek be biltegian egon dira, baina Atzera begirakoa: Museoaren atzealdea erakusketeari esker ikusi ahal izango dira. Hartzaren buruhazurra orain dala gitxi heldu da museora eta hori be lehenengoz erakutsiko da.

Apirilaren 30era arte egongo da erakuketea zabalik, egunero, martitzenetan izan ezik. Ganera, zapatu eta domeketan Raneroko hartzaren inguruko bisitaldi gidatu monografikoak antolatuko dira.

2017/01/27 - 2017/04/30

Bilbon, Bizkaiko Arkeologi Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu