Arte Eszenikoen topaleku izango da Leioako Kultur Maratila, zezeilaren 1etik 5era

Bizkaie! 2017-01-25 10:04   Kulturea

Kultur Leioak eta Artedrama laborategiak antolatuta, euskerazko sei emonaldi egongo dira. Musikea, jantzea eta antzerkia izango dira programazinoaren ardatza.

Miren Tirapu, 'Atte hil aurretik' antzezlanean | Ikusi handiago | Argazki originala

2012tik urtero egiten dan moduan, aurten be ez dau hutsik egingo Leioako Kultur Maratila topaketeak. Euskal sorkuntzearen plazea da zikloa, antolatzaileek dinoenez. Arte eszenikoetan dabizanen lanik barrienak batu eta erakustea da helburua. Askotariko artistek eta publikoak bat egiten daben lekua da, antolatzaileen esanetan.

Eguaztenean, zezeilak 1, hasi eta domekara bitartean, bost egunez egitarau potoloa antolatu dabe Kultur Maratilan. Zikloari ekiteko, Amorante kantautorearen kontzertu bategaz ospatuko dabe inaugurazinoa. Doban sartu ahal izango da.

Zezeilaren 2an, antzerkiaren txandea izango da. Beheko Larraine taldeak oraintsu estreinau dauen Atte hil aurretik obrea ikusteko aukerea egongo da. Maika Etxekoparrek zuzendutako antzezlan horretan, Miren Tirapu da oholtzan agertzen dan aktore bakarra. Sarrerak hiru eta sei euro bitartean salduko ditue.

Ertza konpainiaren Hariak ikuskizuna izango da Kultur Maratilako hurrengoa, hilaren 3an. Asier Zabaletak sortu eta zuzendutako koreografia baten oinarritzen da jantza ikuskizun hau, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionaindiaren testuek lagunduta. Emonaldia amaitu ostean, solasaldia egongo da, Asier Zabaleta eta Harkaitz Canogaz. Sarrerak bost eta hamar euro artean dagoz.

Barriro antzerkia egongo da Leioan, zezeilaren 4an, Atx Teatroren Fakiu obrea hain zuzen. Fredi Paiak idatzi eta Iñaki Ziarrustak zuzendutako pieza hau be oraintsu estreinau dabe. Hiru eta sei euro artean salduko ditue sarrerak.

Hurrengo ekitaldiak, hori be hilaren 4an, musikea dau oinarrian, baina kontzertu hutsa baino zeozer gehiago da. Unai Elorriagaren gidoi baten oinarritutako emonaldia eskainiko dau Gibelurdinek taldeak. Shane McGowanen gibela izenburua dauen saio horretan, musikea, literaturea, bideoak eta abar tartekatuko dira. Sarrerak hiru eta sei euro artean salgai.

Egitaraua biribiltzeko, zezeilaren 5ean, euskal musikearen izen handietako bat, Ruper Ordorika, izango da Leioan. Guria ostatua diskoa aurkeztu barri, indar poetiko handiko kantak eroango ditu Ordorikak Kultur Maratilara. Sei eta hamabi euro bitartean pagau beharko da zikloko azken ekitaldian sartzeko.

Emonaldi guztiak Kultur Leioa auditorioan izango dira. Antolatzaileek 30 euroko bonoa atera dabe. Horregaz, saio guztiak ikusi ahal izango dira. Egitaraua bideo baten batu dabe, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu