Bernardo Atxagak Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduari bere begiradea zuzendu deutso 'Lu eta Le' obran
2017-01-25 09:25 KultureaArriaga Antzokiak datorren astelehenean, urtarrilaren 30ean, hartuko dau Donostia 2016k eta Ados Teatroak produzidutako lan hau.
Donostia 2016k eta Ados Teatroak produzidutako Lu eta Le obrea urtarrilaren 30ean taularatuko da Arriaga Antzokian, datorren astelehenean, hain zuzen. Testua Bernardo Atxagak idatzi eban, DSS2016EUk aginduta, uriburutzearen Gabon, Txirrita proiektuaren barruan. Hasierako idea Leteren titulu bereko obra berrinterpretetea zan, baina Atxagarentzat Egunsentiaren esku izoztuak liburuan ageri zana sakonagoa zan, unibersalagoa, egiatiagoa; ganera, Gabon, Txirritaren estiloa eta formea oso urrun sumatzen nituan nigandik, ze abangoardiaren ildoa iruditu izan jatalako beti antzerkirako egokiena. Arrazoi horreek eta publikoarengan atxikimendu sentimentalik ez sortzeko nahiak Asteasuko idazlea beste proposamen bat egitera eroan eban.
Antzezlan honetan, Atxagak Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduen ikuspuntu personal bat dakar. Testua, lengoaia dramatiko ez konbentzional batez, protagonista bien figurearen inguruan osotutako eszena eta eszena zatiakaz egindako kaleidoskopioa da, Juan Carlos Pérezen jatorriko partitureagaz osotua. Sortzaile horreek biek, Garbi Losadagaz batera, egitura dramatiko eta musikal abstraktua dakarre, ohiko planteamenduetatik harago doana, forma eta testuaren biluztasunaren bila beti be.
Testuaren izakereak, Leteren munduaren kaleidoskopio lez osotutakoak, eta bertako personaia alegorikoek, eszenaratze ez naturalista bat proponiduten dabe eta baita mobimentu koreografiatuak bere, solemneak batzuetan, erritutik oso hur beste batzuetan. Atmosfera horretan, Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza aktoreek eta Klara Mendizabal abeslari-aktoreak, errealismotik kanpo egongo dan interpretazino kodea izango dabe. Arreta handia ipiniko da espresino eta keinuen zehaztasunean, besteak beste, testuaren erritmo eta intonazino ez naturalistan. Helburu musikala ez da izango testuaren ulermenaren bidez bakarrik publikoarengana heltzea, baizik eta, berben musikaltasunagaz, errepetizinoakaz, erritmo aldaketakaz, zuzeneko musika eta abeslariaren arteko interakzinoagaz komunikazino egoera zabalago bat sortzea. Emonaldia euskeraz izango da, gaztelaniazko azpitituluakaz.
Sinopsia
Lourdes Iriondo (LU) eta Xabier Lete (LE) Ez dok amairu kolektiboaren parte izan ziran 1966 eta 1972 bitartean, euskal kulturea berreskuratu eta barriztu nahian jaiotako mobimentu kultural abangoardistea. LU berebiziko emakumea izan zan, abeslaria, idazlea, Euskal Herriaren nobia izentau eban Gabriel Arestik. LEk, kantautorea izateaz gan, obra poetiko nabarmena erein eban 2008 urteko Kritika Saria jasoteraino. Baina, aldi berean, heriotzeagaz lotura handia izan eben biek bizitza osoan zehar. 1985 urtean, LEri tratamendu eta sendabiderik ez eban digestino aparatuari eragiten eutson sindrome genetiko bat azaldu jakon. LUk be hamazortzi urtetatik, balbulea aldatzeko hainbat operazino izatera behartu eban bihotzeko gatxa eukan, estenosi mitrala.
Lu eta Le, umore kutsu sotilaz, protagonista biak seduzidu guran baina eurak gogor eutsiko deutsien Herioagazko hartu-emonez dabil. Baina egun batean Herioak halabeharrez jaso egingo ditu.
Fitxea
- Egilea: Bernardo Atxaga.
- Zuzendaritzea: Garbi Losada.
- Musikea: Juan Carlos Pérez.
- Ikus-entzunezko errealizadorea: Miguel Caraballo.
- Produkzino exekutiboa: Jose Antonio Vitoria.
- Aktoreak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza.
- Abeslaria: Klara Mendizabal.
- Perkusionistea: Jabi Alonso.
- Produkzinoa: Ados Teatroa eta Donostia 2016.
Biografiak
Bernardo Atxaga (Lu eta Le-ren egilea):
Asteasun jaioa 1951n. Liburuok argitaratu ditu, beste hainbaten artean: Bi anai (1985), Obabakoak (1988, Euskadi Saria, Espainiako Premio Nacional de Narrativa, IMPAC European Literary Award sarian finalista), Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995), Soinujolearen semea (2003, Grinzane Cavour saria, Mondello saria, Times Literary Supplement Translation Prize saria), Lekuak (2005), Zazpi etxe Frantzian (2009, AEBetan 2012an argitaratutako hogei fikzino liburu onenen arteko bat Publishers Weekly aldizkariaren arabera, eta finalista urte bereko Independent Foreign Fiction Prize sarian), Paradisua eta katuak (2012), Nevadako egunak (2013) eta Txoriak kolpeka (2014). Bere obrak, 33 hizkuntzatan irakur daitekezanak, zinemara eroan ditue Montxo Armendarizek (Obaba, 2005), Aizpea Goenagak (Zeru horiek, 2006) eta Imanol Rayok (Bi anai, 2011). Euskaltzain oso da, eta Erlea aldizkariaren zuzendari.
Juan Carlos Pérez (Lu eta Le obraren musikea):
Juan Carlos Pérez (Mutriku, 1958) euskal musikari bat da, abeslaria, gitarra-jotzailea eta konpositorea. Udal Musika Eskolan bere ikasketak amaitu ondoren, Zuzenbidean lizentziau zan Deustuko Unibersidadean. 70. hamarkadan bere musikearen munduko ibilbideari hasierea emon eutson, lehenik Indar Trabes taldean, eta aurrerago Itoiz taldean (1978-1988). Denporaldi horretan, Bilbon trebatzen jarraitu eban, eta 1984an telebistarako lan egiten hasi zan.
Azken urteotan abeslari eta konpositore lanetan dabil, proiektu barritzaileetan sartuta. Pop musikako diskoak argitaratu ditu, eta pieza ugari konposatu telebistarako, jantzarako, zinemarako eta antzerkirako. Ganera, obra bi estreinau ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat: Bizkaieraz eta Itoiz Suite.
Garbi Losada (eszenako zuzendaria):
Beste ikuskizun askoren artean, honako honeek zuzendu eta idatzi edo egokitu ditu: El hijo de la novia (2013, Juan Campanellaren filmaren egokitzapena), Wilt – El crimen de la muñeca hinchable (2012, Tom Sharperen eleberriaren egokitzapena), La guerra de los Rose (2010), Einstein (2010), Emotikon (2009), El amor después del amor / Maitasunaren ostean maitasuna (2014), Secando Charcos/ Putzuak lehortzen (2008), El jefe de todo esto (2007), El vendedor de tiempo (Fernando Trías de Besen best-sellerraren egokitzapena), Como agua para chocolate (Laura Esquivelen eleberriaren egokitzapena), eta abar. Sari ugari irabazitakoa da, horreen artean honako honeek nabarmentzen dira: Eszena Zuzendarientzako Antzerki Lehiaketa Nazionalaren 1. saria (2003- Torrejón de Ardoz), El amigo de John Wayne obragatik; eta lehiaketa beraren beste bi bigarren sari El amor después del amor eta Secando charcos obrakaitik; azken obra horrek MAX SARIA 2010 be jaso eban, euskerazko egile onenagaitik. Finalistea izan zan Premis Ciutat de Barcelona 2005en, Las Mujeres de verdad tienen curvas obrearen zuzendaritza onenagaitik eta obra onenagaitik, eta MAX SARIA emon eutsien euskerazko egile onenari, Gus y Gas obreagaitik. Hiru Donostia sari ditu ikuskizun onenari John Wayneren laguna/El amigo de John Wayne, Lotsa-gabe/Sin vergüenzas eta Maitasunaren ostean maitasuna/El amor después del amor obrakaitik, Ertzilla Saria 2002 El amigo de John Wayne obreagaitik, eta Teatro de Rojas Saria zuzendaritza onenari El nombre de la rosa obreagaitik.
Sarrerak salgai
Urtarrilaren 30eko Arriaga Antzokiko emonkizunerako sarrerak salgai dagoz antzokiaren webgunearen bitartez, eta haren bulegoetan, 6,5 eta 18 euro artean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!