Iñaki Zubeldiaren, Seve Callejaren eta David Duranen liburu barriak aurkeztu ditu Ereinek

Bizkaie! 2017-01-24 12:47   Kulturea

Gazteentzako literaturako hiru argitalpen barriak batera aurkeztu ditu Erein argitaletxeak, Donostian egindako ekitaldian.

Seve Calleja (argazkia: Erein) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskeraz sortutako nobela bi eta euskerara itzulitako beste bat dira Ereinek gazteentzako plazaratu dituan hiru liburuok. Iñaki Zubeldiaren Zestoako loroa, Seve Callejaren Kontxako haur galduak eta David Duranen Nahiago nuke mutila banintz! dira, azken hori Gerardo Markuletak euskeratua.

Zestoako loroa (Iñaki Zubeldia): Loro sinpatiko baten, Peperen, istorioa kontetan dau Zubeldiaren lanak. Gineatik Zestoara ekarri eben loroa eta harrezkero zoriontsu bizi izan zan Zestoa inguruko parajeetan, balnearioan eta abar. Tren geltokian be sarri ibilten zan baina, behin baten, ia-ia istripu latza euki eban Pepek trenaren kontura. Onik urten ebanez, abestia egin eutsien herritarrek. Estibaliz Jalonek egin ditu ilustrazinoak.

Kontxako haur galduak (Seve Calleja): Bost neska-mutil dira protagonistak. Donostiako Aste Nagusiko Piraten Abordaiaren jaian, Santa Klara uhartera joatea erabagi dabe, baina, denpora-pasea izan behar zan txangoa korapilotzen hasiko da eta abentura handiak biziko ditue bostek. Adiskidetasunaz, alkartasunaz eta bizitzaz asko ikasiko dabe.

Nahiago nuke mutila banintz! (David Duran): Gerardo Markuletak euskerara ekarritako nobela honetan (Ciclo Bis da jatorrizko izenburua, katalanez), Julia da protagonistea. Hilerokoak eragiten deutsan minagaz nazkatuta dagoan egun baten, Hilekoaren Maitagarria agertuko jako eta tratua eskaini: Hurrengo hilekora arte mutila izateko aukerea emongo deutso eta, ondoren, Juliak berak erabagi beharko dau mutil ala neska izatea nahiago dauen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu