Martiaren 11tik 19ra egingo da Gernikako Lekuek festibalaren 4. edizinoa

Bizkaie! 2017-01-24 09:04   Musikea

Hainbat taldek joko dabe jaialdian: Kepa Junkerak, Ruper Ordorikak, Capsulak, Inoren Ero Nik, Guadalupe Platak eta abarrek. Ganera, jarduera osogarriak egongo dira.

Gernikako Lekuek festibaleko arduradunek adierazo dabenez, aurreko urteetako edizinoek harrera ona izan dabe eta, hortaz, barriro alkartu dira, laugarren edizinoa antolatzeko. Asmoa da, astebetez, herri oso bat musikearen bueltan ipintea, antolatzaileek eurek azaldu dabenez. Lekuek zaletasunetik abiatzen dan festibala da, musikea maite dogulako antolatzen dogu.

Musikea da, beraz, jaialdiaren ardatza, baina sormenaren beste bideak be ez ditue baztertuko. Bakotxak bere zaletasunetik eta lekutik egindako festibala izanda, berezia da, azpimarratu dabe antolatzaileek. Txikia, askotarikoa, eklektikoa, horizontala eta merkaduaren logikatik kanpokoa dala dinoe.

Egitaraua oraindino guztiz zehaztu barik daukien arren, martiaren 11tik 19ra Gernikan egongo diran artisten zerrenda luze baten barri emon dabe. Besteak beste, oraintsu diskoa plazaratu daben Kepa Junkera eta Ruper Ordorika egongo dira jaialdian. Capsula, The Limboos, Luma, Guadalupe Plata, Solea Morente, Nick Moss, Sumision City Blues, Inoren Ero Ni eta The Kinky Coo Coo's be han izango dirala baieztatu dabe.

Jaialdiaren filosofia uri guztira zabaltzeko asmoz, Gernikako hainbat lekutan izango dira emonaldiak. Besteak beste, Astra gunean, Iparragirre Rock aretoan, Trinkete anti-txokoan eta Lizeo Antzokian. Proiekzinoak, tailerrak eta erakusketak be egongo dira, egitarau nagusiaren osogarri. Inguruko talde eta alkarteen laguntzinoa ezinbestekoa da eta, horregaitik, antolatzaileek eskerrak emon deutsiez Gernika Zine-klubari, liburutegiari, kultur etxeari, Astrari eta abar.

Laugarren edizino honetan, irudia barrituta dator Lekuek festibala. Jaialdiaren irudia herriko artista batek egiteko ohiturea daukie eta aurten horri eutsi deutsie. Hortaz, Maria Larrinaga sortzailearen kartelak iragarriko dau Lekuek.

Hurrengo asteetan egitaraua eta ordutegiak zehazten joango dira Gernikako Lekuek festibaleko arduradunak. Zaleei erraztasunak emoteko, kontzertu guztietarako bonoa aterako dabe, 25 euroan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu