Zezeilaren 5ean hasiko da Arabako Bertsolari Txapelketea

Bizkaie! 2017-01-23 09:41   Bertsolaritzea

Finalaurekoak eta finala izango ditu, Arabako Bertsozale Alkarteak aurreratu dauenez. 18 bertsolarik parte hartuko dabe eta finala apirilaren 1ean izango da, Gasteizen.

Tunel tabernan egindako aurkezpena (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jatorrira bueltau da Arabako Bertsolari Txapelketea, 2017ko edizinoaren aurkezpenean. Aretako Tunel tabernan sortu zan Arabako lehenengo bertso eskolea orain dala 35 urte eta taberna horretan bertan aurkeztu dabe aurtengo txapelketea. Zezeilaren 5ean hasiko diran saioen ganeko datuak emon ditue.

Aurreko edizinoko finalistak eta aurre-kanporaketetan sailkatu diranak batuta, guztira 18 bertsolari heldu dira txapelketara. Lehenik eta behin, sei finalaurrekotan parte hartuko dabe 18 bertsolariek: Langraitz, Zigoitia, Dulantzi, Legutio, Laudio eta Aramaion izango dira. Bakotxak saio bitan kantauko dau eta puntuazino biak batuta egingo da sailkapena.

Sei onenek finala jokatuko dabe, apirilaren 1ean, Gasteizko Principal antzokian. Manex Agirre gaur egungo txapeldunaren lekukoa nork hartuko dauen erabagiko da hor. Agirre bera be txapelketan izango da, txapelari eusteko ahaleginean. Hain zuzen be, orain dala urte biko finalean egon ziran seiretatik, bostek emon dabe izena aurten (Ruben Sanchez falta da).

Azken urteotan ohikoa izaten dan legez, faborito argi barik eta hautagai askogaz dator Arabako Bertsolari Txapelketea. Aurretik txapeldun izandako Asier Otamendi, Oihane Perea, Zigor Enbeita, Rikardo Gonzalez de Durana eta Manex Agirre egongo dira tartean.

Arabako txapeldun izateaz gan, beste sari bat be jokoan daukie aurtengo parte-hartzaileek. Izan be, bi onenek udagoieneko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko txartela lortuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu